Gazteen Gipuzkoa lan saioa egin du aldundiak Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 18a

Zarauzko Lizardi BHI, Azpeitiko Ikasberri eta Iraurgi Ikastetxea eta Zumaiako BHI zentroetako ikasleekin eta irakasleekin elkartu da gaur Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasa

Imanol Lasa gaurko lan saioan. (Gipuzkoako Foru Aldundia) Gazteen Gipuzkoa egitasmoa jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz dinamikaren barruan egiten ari den lana batxilergoko ikasleekin partekatzeko, baita etorkizuneko erronkei lotuta dituzten ideiak, iradokizunak eta kezkak entzuteko. Horretarako, lan saioak egiten ari da hainbat ikastetxe eta institututako ikasleekin, eta, gaur, Zarautzen izan dira. Bertan, Zarauzko Lizardi BHI, Azpeitiko Ikasberri eta Iraurgi Ikastetxea eta Zumaiako BHI zentroetako 90 ikasle eta irakasle inguruk hartu dute parte. Lehen zatian, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasak aldundia Gipuzkoako hainbat eragileekin elkarlanean garatzen ari den "apustu estrategikoen" berri eman die ikasleei; hala nola, adinekoen arreta, elektromugikortasuna, kontziliazioa eta erantzunkidetasuna, enpresetako langileen partaidetza, edo zibersegurtasuna bezalako esparruetan. Bigarren zatian, berriz, gazteek proposamenak landu dituzte , eta etorkizunari lotutako beste kezka eta balizko proiektuak agertu dituzte. Etorkizuna Eraikiz dinamikak "elkarlana eta esperimentazioa" dituela oinarri nabarmendu du Lasak, eta "erakundeok ezin baitugu Gipuzkoak izango dituen erronkei bakarrik aurre egin". Hori dela eta, beraien asmoa da lurraldeko eragile sozial nahiz ekonomikoengana eta adin guztietako pertsonengana iristea, "haien ideiak txertatzeko". Kasu honetan, Gazteen Gipuzkoa ekimenarekin, batxilergoko ikasleak inplikatu nahi dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide