Xabier Minaren pasioa da urpekaritza. (Xabier Mina)
Iazko udan, Zumaian erakusgai duenaren oso erakusketa antzekoa jarri zuen Xabier Mina itsas zientzialari eta urpekariak Donostiako Aquariumean. Kantauri itsasoan ateratako argazkiak ez ezik, munduko beste txokoetan ikusitako altxorrak ere erakutsi zituen orduan. Baina apirilaren 6tik Zumaian, Oxforden, ikusgai dagoen erakusketan, soilik Kantauri itsasoan ateratako argazkiak jarri ditu erakusgai. Gehienak, Zumaia, Mutriku, Hondarribia eta Elantxobe inguruan ateratakoak dira. "Hemen bertan dugun altxorra erakustea da erakusketaren helburua, ez da urrutira joan beharrik itsas hondoaz gozatzeko. Ilusioa baduzu edozein leku izan daiteke aparta, eta hemen ere toki zoragarriak daude", adierazi du Minak.
Guztira, 15-18 argazkiz osatutako erakusketa da eta datorren igandera arte dago zabalik. Irudi gehienak egunez ateratakoak dira, baina gaueko bakar batzuk ere ikus daitezke Oxforden. "Eguneko argazkiak hobeak dira argi naturala dagoelako", nabarmendu du argazkilariak. Hain zuzen, hor dago zailtasunik handiena. Kantauri itsasoko urak nahiko nutriente edo elikagai maila handia du, eta horrek ura ez oso argia izatea eragiten du. "Argitasunaz gain, beste zailtasuna mugimendua da. Korronteekin zaila da argazki onak ateratzea, baita ura zikina badago ere".
Erakusketako argazkien berezitasuna da guztiak (salbuespen bakarra dago) apnean aterata daudela. "Hau esaten dut, jendeari ulertarazteko guztiok dugula ahalmena horrelako gauzak ikusteko. Botilak bere teknika eskatzen du, baina apneak ez", azaldu du Minak. Nahiz eta apnean igeri egiteko gaitasuna landu egin behar den, itsas aniztasunaz jabetzeko nahikoa da metro gutxi urperatzea. "10-15 metro jaistea nahikoa da gauza gauza ederrak ikusteko, eta arnasaren gaitasuna pixka bat praktikatzen bada, ez da gehiegi. Are gehiago, 5-10 metro artean itsas kabrak, txipiroiak, olagarroak, marmokak… ikus daitezke".
Bioaniztasuna, irudietan
Txikitatik du urpekaritzarako zaletasuna Minak. Itsas zientziak ikasi ondoren, Aztin ibili zen lanean, baita Mutrikuko akuikultura eskolan ere. Egun, Bigarren Hezkuntzako irakaslea da Iruñan, eta bioniztasunaren inguruko web orri bat du martxan. "Nafarroan euskarazko materiala eskuratzea ez da erraza, eta horregatik, jarri nuen martxan web orria. Mendiko eta itsasoko bideo eta argazki asko nituen eta webeko bideo batzuekin ikasleekin egiteko aktibitateak ditut erantsita", adierazi du.
Zumaian erakusgai duen argazki bildumarekin lotuta, bihar 19:00etan hitzaldia emango du Minak Oxforden. Besteak beste bioaniztasuna zer den, eta leku batzuetan zergatik dagoen gehiago azalduko du. Horretarako, munduko leku ezberdinetan grabatutako lau bideo erakutsiko ditu. Horietatik bi Kantauri itsasoan grabatuta daude: bat egunez eta bestea gauez. "Beste bat Papua Gineako koral arrezifeko irudiekin osatutako bideoa izango da. Mundu mailan bioaniztasun handiena duen puntua da, eta azkenik, Cabo Verden itsas dortokei grabatutakoa erakutsiko dut".