0-6 urte bitarteko ume eta gurasoentzat lokala lortzeko sinadura bilketa egingo da Zumaian aste honetan

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 17a

Txiribuelta elkarteak datozen egunotan jasoko ditu sinadurak Internet bidez, baita herriko zenbait tokitan ere.

Zumaiako Txiribuelta elkarteak 2015. urtean egin zion lokal baten lehen eskaera Zumaiako Udalari. Beraien esanetan, denbora honetan erantzun praktikorik ez dute jaso, horregatik, sinadurak biltzen hasiko dira, "lokalaren atzean ume eta guraso askoren beharra eta nahia dagoela erakusteko". Internet bidez jasoko dituzte sinadurak (hemen), baina herriko zenbait lekutan ere bilduko dituzte:
  • Haurreskolan: aste osoan.
  • Herri Eskola eta Maria eta Jose ikastetxearen kanpoan: apirilaren 18an eta 19an, 16:30etik aurrera.
  • Kiroldegian, apirilaren 19an eta 20an, 17:00etatik 18:30ak arte.
  • Erribera kalean, apirilaren 21ean eta 22an, 12:30etik 14:00etara eta 19:00etatik 20:30era.
Txiribuelta elkarteak adierazi du, 0-6 urte bitarteko haurren gurasoek lokal baten beharra dutela: "Haurren garapen egokirako, ume eta gurasoak elkar ezagutzeko, bizipenak eta irakaspenak elkartrukatzeko, eguraldi txarrarekin ere haurraren mugimendua eta jolas librea bermatzeko, ume eta gurasoen elkartearen jarduera errazteko… Eta hartara, bizitzeko egun Zumaia dena baino herri osatuagoa, erosoagoa eta ederragoa izan dadin". Urte hauetan bizitakoaren kronologia, eta azken egunetan Baleikera bidalitako gutunak irakurtzeko hemen klikatu. .

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide