Jubenilek ez dute lortu sailkatzea Espainiako liga txikian

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 17a

Zumaiako jubenil neskek eta Zarauzko jubenil neskek zein mutilek jardunaldiak izan dituzte asteburuan. Ez dira sailkatu Espainiako zortziko ligaxkarako.

Zumaiako Pulpoko jubenil neskak. (Argazkia: Baleike.eus). Ostiraletik igandera jokatu dira Espainiako eskubaloiko jubenilen sektorearen partidak. Zumaiako jubenil neskek eta Zarauzko jubenil mutilek zein neskek jardunaldiak izan dituzte egunotan, eta eskubaloi zalez bete dira Zarauzko Aritzbatalde eta Zumaiako Lubaki kiroldegiak. Alabaina, zumaiarrek eta zarauztarrek ez dute Espainiako zortziko liga txikirako sailkatzea lortu. Zarauzko jubenil mutilak Pinton (Madril) izan dituzte norgehiagokak, eta lehenengo partida BM Montequintoren aurka jokatu zuten ostiralean. 21 eta 23 galdu zuten lehen jardunaldia. Larunbatean, 20:00etan, jokatu zuten bigarrena BM Pozuelo Calatravaren aurka, eta 30 gol sartzea lortu bazuten ere, aurkariak izan ziren nagusi. Azken jardunaldia izan zuten herenegun Ikasa Madriden aurka, eta Madrilgoei gaina hartzea lortu zuten lehenengo zatian. Ikasa Madridekiko aldea mantentzea lortu zuten, eta  24 eta 17 emaitzarekin irabazi zuten Zarauzkoek Zarauzko Aialako jubenil neskek, berriz, Aritzbatalde kiroldegian jokatu dute beren sektorea; eta emaitza gazi-gozoak lortu dituzte jardunaldietan. Lanzarote Puerto del Carmen izan zuten aurkari ostiralean, eta aise irabazi zuten neskek, 44 eta 22 utzi zuten markagailua. Larunbatean, ordea, lehia estuaren ondoren, 23 eta 26 galdu zuten Angel Optico Varilux BM Zamoraren aurka. Igandean, aldiz, Kataluniako BM Roquetasen aurka lehiatu ziren, 22 eta 28 emaitzarekin amaituz sektorea. Pulpo, sailkatzeko zorian Zumaiako Pulpo eskubaloi taldeko neskek, ostiralean jokatu zuten txapelketako aurreneko partida La Rocaren aurka, etxean Lubaki kiroldegian. Neurketa estua eta gorabehertasua izan bazen ere, Pulpoko neskak nagusitu ziren markagailuan, 22 eta 21. Lehen zatian erraz nagusitu ziren zumaiarrak, eta partida beren alde zutela ekin zioten bigarrenari. Kataluniako taldeak hortzak erakutsi zituen bigarren zatia hasi zenetik neurketa amaitu zen arte. Zailtasunei aurre egiten asmatu zutenPulpokoek, eta lehen garaipena eskuratuta amaitu zuten lehen jardunaldia. Larunbatean, aldiz, Kantabriako Vallebuelnaren aurka jokatu zuten bigarren partida, eta 25 eta 17 emaitzarekin irabaztea lortu zuten. Aurreko bi jardunaldietako garaipenarekin iritsi ziren igandean Pulpo eta Galiziako Carballal taldea azken partida erabakigarria jokatzera, eta Espainiako zortzi onenen arteko azken ligaxkarako sailkatzeko zorian egon arren, Galiziako taldeak lortu zuen saria. Harmailetako zaleek txalo zaparrada batekin eskertu zieten Pulpokoei jardunaldi guztietako ahalegina.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide