Iaz ez bezala, aurtengo oporraldian eguraldia ez da lagun izan eta horrek, noski, eragin zuzena izan du bisitarien kopuruan. Edonola ere, Turismo Bulegoko datuak bildu eta aztertu ostean, martxoaren 27tik apirilaren 8a bitartean jasotako datuak positiboak izan direla azpimarratu du Zumaiako Udalak. Turismo Bulegoak, hain zuzen, aipatutako bi asteetan 1.845 lagunen bisita jaso du. Ildo beretik, Euskal Kostaldeko Geoparkeak, hiru herrietan (Deban, Mutrikun eta Zumaian) 41 irteera egin ditu eta 804 lagunek hartu dute parte.
"Datu horiek iaz jasotakoekin alderatuz, turismoa %18.07 jaitsi da Zumaian aurtengo oporraldian, baina beheranzko joera hori, Zumaiaz haratago, bailara zein Gipuzkoako beste hainbat herritan ere antzeman da. Horren eragile zuzenena, noski, egun horietan izandako eguraldi kaxkarra izan da, aurtengo Aste Santua oso goiztiarra izan baita", adierazi du udalak. Dena dela ere, turismo "fluxu onak" mantendu eta jasotako datuak positiboak direla adierazi du udalak.
Eta datuei lotuta, azpimarratzekoa da euskara eta euskal kultura ezagutzera eman eta bultzatzeko xedez udalak sortutako Enigma Bizia bisita gidatu berriak bisitarien artean izan duen harrera ona. "Aste Santuan zehar bi bisita eskaini ditugu (martxoaren 29an eta 31n) eta bietan hamar laguneko taldea osatu da", azaldu du erakundeak. Kontuan hartuta bisita gidatu hori abian jarri berri dela eta oraindik ezagutzera ematen ari dela, jasotako lehen datu horiek oso onak direla adierazi du Turismo sailak.
Enigma Biziak bere ibilbidea egiten jarraituko du aurrerantzean eta abendua bitarte beste hainbat saio eskainiko dira (egutegia ikusgai www.geoparkea.eus webgunean), paisaia naturalez haratago, bisitariek euskararen eta kulturaren inguruan ikasteko aukera ere izan dezaten.
Horrez gain, Zumaiako Turismo Plana amaitzear duela adierazi du udalak, eta dokumentu horren bitartez, helburua da aurrerantzean eta etorkizunera begira ere, Zumaiako balio eta baloreetan oinarritutako turismo baten alde lan egiten jarraitzea.