Inaxio eta Alejo Aizpurua, Ligorio Urruzuno eta Manuel Bernal. (Izaskun Urbieta)
Santelmoen
repetizioetako igandean Itxas-Gainen 50. urteurrena ospatuko dute. 1968ko apirilaren 24an sortu zuten elkartea, oraingoa kokatzen den lekutik metro gutxira. "Gure garaian ez zegoen orain bezalako elkarterik eta tabernarik, eta lagun artean egoteko asmoz, elkarte bat osatzeko ideia atera zen", gogoratu du Ligorio Urruzuno elkarteko lehendakariak. Hala, herriko hamalau gazte elkartu ziren. Egun, zazpi bizi dira, eta horietatik hiruk jarraitzen dute bazkide.
San Telmo kaleko 8. zenbakian kokatu zuten elkartearen lehendabiziko txokoa. "Hasierako leku hura ukuilu tokia zen. Hori dela eta, lehenengo lana tokia txukuntzea eta prestatzea izan zen. Hondarra ekartzen genuen, harria harraldetik… Dena auzolanean egin genuen", jarraitu du Urruzunok.
Behin lokala atonduta, festak eta afariak egiten hasi ziren. Baina espazio hori ez zuten soilik beraientzat erabiltzen. "Bazkide ez ziren herritarrei alokatu egiten genien lokala beraien festak egiteko, baina soilik denbora tarte jakin baterako", azaldu dute.
Piraguako kluba
Elkartea sortzeko beharrezkoa zen horri lotutako ekintza bat hartzea, eta Itxas-Gainek piraguismoaren aldeko apustua egin zuen. Hain zuzen, urte bat lehenago Santiagotarrak taldea sortu zen, Irunen (Gipuzkoa). "Orduan ez zegoen itsas kiroldegirik, eta herriko garaje eta lokaletan gordetzen genituen piraguak".
Piraguismoaren lehenengo etapa hark bizpahiru urte iraun zituen, 1970-71 urte inguruan taldea desegin zen arte. Ondoren, urte batzuetan jarduerarik gabe aritu ostean, berriro ere piraguismoak bigarren loraldia izan zuen. "1978. urte inguruan hasi ginen berriro kirol horrekin, eta orain arte. Orduan emakumeak ere hasi ziren piraguismoan. Oso harro gaude herriko piraguistak egin dutenaz", diote.
Itxas-Gain txaranga
Elkartearen aktibitate nagusia piragua izan da, baina beste hainbat ekintzatan ere parte hartu dute. Hala nola, Aste Santuko prozesioan santuak eramaten, santelmoetan txupinazoaren ondoren herritarrei hamaiketakoa ematen, festen repetizioetan haur jolasak antolatzen… Baina elkarteko kideentzat txarangaren sorrera oso garrantzitsua izan zen. "Txaranga sortu genuela izango dira 40 urte baino gehiago. Lokal zaharrean 30 urtez egon ginen, eta oraingora etorri ginenean, duela 20 urte, txarangan jotzeko ohitura utzi egin zen", kontatu du Inaxio Aizpuruak.
Igandean ere txarangarekin ospatuko dute elkartearen mende erdia. Goizean goizetik hasiko dute jaia, eta 08:00etan diana joko dute. Jarraian, 09:00 aldera, musika eskolara joango dira, eta bertako ikasleekin batera, herriko kaleak alaituko dituzte. 10:30ean, indarrak hartzeko, Pulpoko elkartean hamaiketakoa egingo dute, eta, ondoren, 12:30 aldera, kalejira egingo dute. "Eguerdian, 14:30 inguruan, bukatutzat emango dugu eta Itxas-Gainera joango gara bazkaltzera. Han, sortzaileetatik bizi garenok oroigarria jasoko dugu", aipatu du Urruzunok.