IRUDIETAN: Euria hasi da eragozpenak sortzen eskualdean

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 11a, 19:34

Euria ez da etenik izaten ari azken egunetan eta orduetan, eta alerta laranja eman du Segurtasun Sailak datozen orduetarako. Gainera, Urola ibaia maila horian dago. Dagoeneko hasi da euria eragozpenak sortzen eskualdeko hainbat tokitan. Azpeitiko Udalak uholdeen aurkako protokoloa jarri du martxan eguerdian, eta gainerako herrietako udal ordezkariak ere egoera gertutik ari dira jarraitzen. Gainera, hainbat errepidetan lur jauziak izan dira; besteak beste, Azkoitian, Aingeru Guarda parean. Gipuzkoako Urakek gaur argitaratu duen datuaren arabera, Nuarbeko Ibai-Eder urtegia %94,29 dago beteta. Hona hemen herriz herriko informazioa eta argazkiak: Aizarnazabalen gune batean atera da ibaia, udalak jakinarazi duenez. Hori dela eta, baserri bide batzuk urak hartu ditu; Zubiaurre eta Etxabe Palazio baserrietarako bideak, hain zuzen ere. Hona hemen Aizarnazabalgo irudi batzuk (Argazkiak: Mari Karmen Arregi) Azkoitian, berriz, errekak gainezka egin du Mekoleta auzoan, eta hainbat luizi izan dira euriak eraginda; besteak beste, Aizpurutxo inguruan eta Aingeru Guarda parean. [gallery columns="4" link="file" ids="334944,334946,334951,334952,334953,334954,334955,334956"] Azpeitian, Madalena auzoko ospital zaharraren parean gainezka egin du Urola ibaiak. Udalak dagoeneko jarri du martxan uholdeen aurkako protokoloa. Euriak eragindako arazoak ekiditeko hainbat neurri hartzea gomendatu du, hala nola erreka eta ibai bazterretan ibilgailurik ez uzteko deia egin du. Horrez gain, ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urak har ditzakeen garajeetatik autoak kentzea gomendatu du. "Ahal dela" autorik ez hartzeko ere esan du udalak, eta, erabili behar den kasuetan errepide nagusietan eta autobideetan ibiltzea gomendatu du. Bestalde, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak erretiratzeko ere eskatu du udalak. Herritarrek arazorik badute, Udaltzaingora (943 15 13 13) edo 112 larrialdetako zenbakira deitu dezaketela ere gogorarazi du. Hona hemen Azpeitiko irudi batzuk: [gallery columns="4" link="file" ids="334911,334910,334909,334908,334907,334906,334949,334950,334958,334959,334960,334961"]   Zarautzen Abendaño eta Errota-berri inguruetan ibaia ohi baino maila altuagoan dago. Hona hemen Zarauzko irudi batzuk (Argazkiak: Xabier Txurruka eta Babes Zibila Zarautz): [gallery ids="334912,334913,334914,334915,334916,334917,334918"]
Zestoan ere ibaiak gainezka egin du eguerdi aldean, Lili jauregiaren inguruan. Gainera, Zestoako alkate Josetxo Mendizabalek jakinarazi duenez, uneotan (19:15) ibaia ateratzear da Alberdi etxearen pareko zubiaren inguruan. Hona hemen Endoiara bideko irudi bat: Baleike.eus-ek azaldu duenez, Urola ibaiak gainezka egin du Oikian, Torrontegi baserriaren parean. Uraren mailak gora egin du arratsaldean, eta baserriko mandiotik lanabesak jaso dituzte gauean uraren mailako gorago egingo duen beldurrez. Urolak gainezka egiten duen lehen puntua izaten da Torrontegi baserriaren aurrealdea. Narrondo izaten da errekak gainezka egiten duen Zumaiako beste puntuetako bat, baina oraingoz, bere bidetik doa ura. Itsasgora goizaldeko hirurak aldera izango da. Hona hemen beduako irudi bat eta Oikiako bideoa.
https://www.youtube.com/watch?v=xLDoFVOMp70

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide