Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako EH Bilduko kideak elkartu ziren atzo Zarautzen (Amaia Urbieta)
Igandean, 12:30ean, Azpeitian ekitaldi nazionala egingo du EH Bilduk. Izan ere, babes osoa erakutsi nahi die koalizioak Ainhoa Intxaurrandieta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente ohiari eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiari. Horiek bihar epaituko dituzte Madrilen, Kontu Auzitegian. Gipuzkoako EAJk eta PSE-EEk salatu ditu errauste planta gelditzea erabaki zutelako eta horrek galdera ekonomikoa eragin zuelako. Horregatik, 46 eta 100 miloioi euro artean eskatzen dizkiete Errazkin azpeitiarrari eta Intxaurrandietari.
EH Bilduren ustez, "erabat bidegabea" da zigor eskaera hori. "Soilik politika egiteagatik, proiektu politiko batekiko eta ideia batzuekiko konpromisoari eusteagatik, beren etorkizun pertsonala jokoan dute. Etekin pertsonalik ez zuten atera, gardenak eta zintzoak izan ziren erabakiak hartzerako orduan, eta orain bidegabekeria latza pairatu dezakete".
Horregatik, Urola Kostako EH Bilduk (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) agerraldia egin zuen atzo Zarautzen, eta eskualdeko herritarrak gonbidatu zituen igandeko ekitaldian parte hartzera. "Ekitaldian parte hartzeko deia egiten diegu beren zintzotasunean eta konpromiso politikoan sinesten duten eta elite ekonomikoen gainetik herritar ororen interesak babestu behar direla uste duten herritar guztiei".