Zumaiako euskararen historia soziala, eta horri lotutako informazioa bildu, ordenatu eta dibulgaziorako prestatzeko ikerketa beka deialdia zabaldu du Zumaiako Udalak. Ibilbide hori osorik aztertzea lan izugarria dela jakinik, lehen deialdi honetan 1766 eta 1966 bitarteko epea hartu du ikergai.
Aipatu beka norbanakoek nahiz horretarako osatutako lantaldeek jaso ahal izango dute. Ezinbestekoa izango da diplomatua edo lizentziatua izatea eta euskarazko gaitasuna frogatzea EGA edo baliokidea den agiria aurkeztuz.
Proiektua, azterlana eta memoria, noski, euskaraz egingo dira osorik eta ikerketa lanak originala eta argitaratu gabea izan beharko du.
Interesa dutenek apirilaren 28ra arteko epea izango dute eskabideak Zumaiako udaletxean aurkezteko. Bekaren onuraduna adituek osatutako epaimahaiak erabakiko du eta horretarako kontuan izango ditu, besteak beste, eskatzaileen curriculuma edota lan esperientzia.
Ikerketa beka puntu gehien duenari esleituko zaio eta orduz geroztik 18 hilabeteko epea izango du ikerketa lana egiteko.
Oinarriak eta gainerako agiriak
www.zumaia.eus webgunean daude eskura.