Zumaian, asteburuan, San Telmo jaien barruan, herriko taberna batean gertatutako eraso eta jarrera sexista salatuz adierazpena kaleratu du Zumaiako Udalak. Adierazpena EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk aho batez adostu dute. Salaketaz gainera, elkartasuna adierazi die udalak erasoa jasan duen emakumeari eta haren hurbilekoei.
Era berean, udalak emakumeenganako indarkeria mota guztiak gaitzetsi ditu. "Horrelako gertaerak ez dira onartzen gure gizartean, eta, horregatik, erakunde, elkarte eta herritarrak lanean jarraitu behar dute, emakumeak indarkeria matxistarik gabe bizi daitezen", adierazi dute udaleko alde guztiek publikoki. Helburu horrekin, instituzioek eta herritarrek bat egin behar dutela uste du udalak, "guztion ardura baita berdintasunean, errespetuan eta bakean oinarritutako gizartea eraikitzea; guztion ardura den bezala indarkeria sexisten aurrean erantzun egokia eta bateratua ematea eta indarkeria sexistak ekiditeko baliabideak jartzea".
Zumaiako Udalak adierazi du "gogor borrokatzen" jarraituko duela herrian berdintasuna, errespetua eta bakea bermatzeko. Gogorarazi du, indarkeria egoerei aurre egiteko protokoloa eta baliabideak daudela, eta "zigorra nork bere kabuz ezartzeko indarkeria eraso guztiak" gaitzetsi ditu. "Eraiki dezagun guztion artean indarkeria matxistarik gabeko herria eta bizi gaitezen guztiok elkarren arteko errespetuan eta berdintasunean", adierazi du erakundeak.