Arkitekto tekniko bat kontratatuko du Zumaiako Udalak

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 28a

Aldi baterako lan eskaintza da, eta lehiaketa bidez egingo du aukeraketa. Lanbideren webgunean eman behar dute izena interesa dutenek

Zumaiako Udalak lehiaketa bidezko prozesua hasi du, arkitekto teknikoa kontratatzeko. Lan eskaintza Lanbiden argitaratu da, eta interesa duten pertsonek Lanbideren webgunean eman beharko dute izena, apirilaren 11 baino lehen. Lanpostua egun osoko lanaldia izango da, eta hasiera batean, kontratua  irailaren 30era artekoa da. Edonola ere, irailean Udalak aztertu egingo du kontratua luzatzeko beharra badagoen, eta horretarako baldintzak betetzen dituen. Lanpostu horretako zereginak izango dira, besteak beste,  Zumaiako Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak zuzentzea, kudeatzea eta kontrolatzea. Eginkizunen artean daude, esate baterako, bide, eraikin eta azpiegitura publikoetan sustatzen diren obra txikiak zuzentzea, brigadaren eginbeharrak zehaztea, pleguak idaztea, obra txikien baimenak aztertzea eta hirigintza sailari laguntza teknikoa ematea. Interesdunek www.zumaia.eus webgunean kontsultatu ahal izango dituzte lan eskaintzaren inguruko informazio zein oinarri guztiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide