Badatoz santelmoak 2018! Hemen egitaraua

Baleike.Eus 2018ko martxoaren 27a

Apirilaren 6tik 15era ospatuko dira 2018ko San Telmo jaiak. Txarangak, kalejirak, haurrentzako jolasak, pilota partidak, bertsolari eta dantza saioak, eta haur zein helduen danborrada dira aurtengo egitaraua osatzen duten ekintzetako batzuk. Txosna gunean ere egitarau oparoa prestatu dute.

Bertso Eskolak antolatutako bertso saioarekin emango zaie hasiera 2018ko San Telmo jaiei apirilaren 6an, ostiralean. Emanaldia gaueko 22:30ean izango da Aita Marin, eta sarrerak dagoeneko salgai daude, 8 euroan, Turismo bulegoan, Inpernupen eta Ttakun tabernan. Sei bertsolari egongo dira oholtzan, Unai Manterola gai jartzailearen esanetara: Jon Maia, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Miren Artetxe eta Aimar Karrika. Jai giroak hurrengo egunean egingo du eztanda txupinazoarekin. San Telmo ermitan emango zaie festei hasiera 12:00etan, eta hortik aurrera kaleak urdinez jantziko dira. Bi asteburu hartuko dituzte santelmoek eta ez da aspertzeko betarik izango. Trikitilariak, kalejirak, txarangak, puzgarriak, dantzaldiak, kontzertuak, DJak, herri bazkaria, haur zein helduen danborrada, bertsio gaua, zaldi lasterketa, olagarro-zopa dastatzea, traineru  estropadak eta kadete mailako txirrindulari lasterketa izango dira, besteak beste. Horiez gain, iaz berreskuratutako Urrezko Aizkora lehiaketa ere jokatuko da, eta baita esku pilota partidu profesionalez eta zesta punta jaialdiaz gozatzeko aukera ere izango da Aitzuri pilotalekuan. Irakurri albistea osorik baleike.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide