Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenaren aurrean deklaratu zuten ostiralean Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva eta Dolors Bassa Espainiako Estatuak bertan behera utzitako Kataluniako azken gobernuko kontseilariak eta Carme Forcadell orduan Kataluniako Parlamentuko presidentea. Epaile horrek erabaki zuen horiek denak
espetxeratzea ihes egiteko eta matxinada delitua berriz egiteko arriskua dutela argudiatuta. Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari ere matxinada delitua egotzi dio Llarenak, baina atzo ez zen deklaratzera agertu; erbestera jo du.
Gertaera horiek salatzeko eta Kataluniari babesa agertzeko elkarretaratzeak egin dituzte atzo eta gaur Urola Kostako hainbat herritan.
Zarautzen atzo egin zuten kontzentrazioa dozenaka lagunek. Gaur, berriz, Azpeitia, Orion, Zumaian eta Zestoan.
Euria eginagatik, Azkoitian dozenaka lagun elkartu dira gaur 12:00etan plazan. Deialdia EH Bilduk, ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Hiruk, CNTk, Etxaldek, EHNEk eta Gure Esku Dagok egin dute.
Azkoitian dozenaka lagun elkartu dira plazan. (Julene Frantzesena)
Azpeitian ere elkarretaratzea egin dute 12:00etan herriko plazan.
Azpeitiko Udalak egin du kontzentraziorako deialdia, eta mobilizaziora batu dira Azpeitiko Gure Esku Dagoko kideak EH Bilduko zein EAJko udal ordezkariak eta hainbat herritar.
Azpeitian plazan egin dute elkarretaratzea 'Kataluniarekin bat. Demokrazia askatasuna' lelopean. (Maialen Etxaniz)
Orion, 13:00etan egingo dute kontzentrazioa, udaletxe aurrean.
Kataluniarekin bat-Demokrazia-Askatasuna lelopean egingo dute, Gure Esku Dagok, ELA, LAB CNT, Steilas, EHNE, Etxalde, ESK, Hiru eta EH Bilduk deituta.
Kataluniarekin bat egin dute oriotarrek (Jabier Zabaleta).
Zumaian 12:00etan egin dute elkarretaratzea, Erribera plazan, Magnolioaren aurrean, Gure Esku Dagok, ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta EAJ-PNV eta EH Bildu alderdiek deituta.
Zumaiarrek Erribera kalean egin dute elkarretaratzea, 'Demokrazia. Herritarrok dugu hitza' lelopean. (Juan Luis Romatet)
Zestoan, berriz,
Denok gara Katalunia lelopean egin dute protesta dozenaka herritarrek, 13:00etan hasita, EH Bilduk deituta.
Dozenaka herritar elkartu da Zestoan ere. (Hamaika TB)