Kataluniari babesa agertzeko elkarretaratzeak deitu dituzte biharko hainbat herritan

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 24a

Gaur, larunbata, Zarautzen egin dute kontzentrazioa dozenaka lagunek. Bihar, berriz, Azpeitia, Orion, Zumaian eta Zestoan egingo dituzte elkarretaratzeak.

Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenaren aurrean deklaratu zuten atzo, ostirala, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva eta Dolors Bassa Espainiako Estatuak bertan behera utzitako Kataluniako azken gobernuko kontseilariak eta Carme Forcadell orduan Kataluniako Parlamentuko presidentea. Epaile horrek erabaki zuen horiek denak espetxeratzea ihes egiteko eta matxinada delitua berriz egiteko arriskua dutela argudiatuta. Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari ere matxinada delitua egotzi dio Llarenak, baina atzo ez zen deklaratzera agertu; erbestera jo du. Elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko eta biharko Urola Kostako hainbat herritan. Gaur, larunbata, Zarautzen egin dute kontzentrazioa dozenaka lagunek. Bihar, berriz, Azpeitia, Orion, Zumaian eta Zestoan egingo dituzte elkarretaratzeak.
  • Azkoitian 12:00etarako deitu dute kontzentrazioa plazan. Deialdia EH Bilduk, ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Hiruk, CNTk, Etxaldek, EHNEk eta Gure Esku Dagok egin dute.
  • Azpeitian 12:00etarako jarri du hitzordua udalak, plazan.
  • Orion, 13:00etan egingo dute kontzentrazioa, udaletxe aurrean. Kataluniarekin bat-Demokrazia-Askatasuna lelopean egingo dute, Gure Esku Dagok, ELA, LAB CNT, Steilas, EHNE, Etxalde, ESK, Hiru eta EH Bilduk deituta.
  • Zumaian 12:00etan egingo dute elkarretaratzea, Erribera plazan, Magnolioaren aurrean, Gure Esku Dagok, ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta EAJ-PNV eta EH Bildu alderdiek deituta.
  • Zestoan Denok gara Katalunia lelopean egingo dute protesta, eta 13:00etarako jarri du hitzordua EH Bilduk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide