Zabor poltsen pilaketa Zumaiako Jadarre auzoan

baleike.eus Aktualitatea. 2018ko martxoaren 24a

Zabor poltsak pilatuta Jadarren (Baleike.eus). Orain hilabete inguru jarri zen martxan hondakinak biltzeko sistema berria Urola Kostan. Ordutik txartelen bidez zabaldu behar dira organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Lehen egun hartan izan ziren sabotajeak Zumaian, arazoak ere bai Jadarre auzoan. Eta, dirudienez, auzo horretako arazoek bere horretan jarraitzen dute.
Jadarre auzoko goiko partean edukiontzi bakarra zegoen lehen. Udal Elkartearen esanetan, saiatu ziren kokapen horretan edukiontzien irla bat jartzen, baina "ezinezkoa" zela ikusita, edukiontziak auzoko beste leku batzuetan jarri zituzten. Erabakia ez zen Jadarreko bizilagun batzuen gustukoa izan eta zabor poltsak aurreko tokian botatzen hasi ziren. Dagoeneko edukiontzirik ez eta lurrean uzten zituzten. Udal Elkartea eta Zumaiako Udala bildu ziren auzoko bizilagun batzuekin, baina ez dute emaitza onik lortu, zabor poltsak pilatuta ikus baitzitezkeen gaur ere. Bizilagun batek Baleike.eus-i adierazi dionez, hasiera batean astean behin kentzen zituzten poltsak, "baina izango dira 15 bat egun ez direla pasatu, eta bitartean zabor poltsak pilatzen ari dira, horrek sor ditzakeen osasun arazoekin. Dena batera ateratzen dute, bereiztu gabe. Katuak eta arratoiak daude, eta eguraldi onarekin, berotzen hasten denean, horko usaina zeinek jasan behar du?". Irtenbide bat eskatzen dute auzotarrek: "Zumaian bizi garen guztiak gara zumaiarrak, baina denok dauzkagu eskubide eta betebehar berdinak? Horrelakorik gertatuko al litzateke Goiko plazan, udaletxearen aurrean; edo Amaiako plazan; edo Beheko plazan?". Arazo ugari izan da Zumaian hondakinen bilketa sistema berria ezarri zutenetik; izan ere, besteak beste, Zumaiako 47 edukiontzi sabotatu eta Oikian bost edukiontzi erre dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide