Maite Olasagasti, Zumaiako Berdintasun Foroko kidea. (Argazkia: Izaskun urbieta)
"Herrietan gaztetxolak eta gaztetxeak daude, baita zaharren etxeak ere. Eta guk, emakumeok, noiz izango dugu gure espazioa?", aldarrikatu du Maite Olasagasti Zumaiako Berdintasun Foroko kideak.
2015ean idatzi zen Zumaiako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Foru Plana, eta dokumentu horretan, besteak beste, Emakume Etxearen gauzatzea aurreikusten da. Aurten amaituko da plan hori, eta hori dela eta, iaztik lanean ari dira Berdintasun Foroko kideak. "Emakumeen Etxearen gauzatze hori ez dakigu oraindik nola konkretatuko den, baina bidea zabaldu dugu eta horretan ari gara lanean", aipatu du Olasagastik.
Egin duten lehendabiziko lana Emakumeen Etxea zer den zehaztea izan da. Berdintasun Foroko kideek horrela definitu dute: espazio dinamikoa eta irekia, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzea eta emakumeen ahalduntzea bultzatzea helburu dituena. Horrez gain, herriko emakume norbanakoentzako eta emakume elkarteentzako topagunea izango da; anitza, plurala eta askea. Izan ere, Emakume Etxearen esentzia da ideologia, adin eta ezaugarri ezberdinetako emakumeek osatzea. "Horrek aberastu egiten du eta lotura batzuk sortzen ditu".
Emakumeen Etxea topagune edo elkargunea izateaz gain, talde-ekintzetarako, eztabaidarako eta hausnarketarako eta prestakuntzarako espazioa izango da. "Denetik egin daiteke bertan: prestakuntza saioak, aholkularitza, emakumeen ahalduntzea sustatu, eztabaida eta gogoeta piztu, irakurketa feministetatik ikuspegia landu...".
Herrietako esperientziak
"Gure gizarteko sistema gizonak goiko postuetan egoteaz arduratzen da, eta Emakume Etxeak gizarte parekide bat eraikitzeko bidea zabalduko du. Gainera, txoko horrek, gizartearen ongizatea bilatu behar du", azaldu du Olasagastik.
Zumaian Emakume Etxearen egikaritza beharrezkotzat jotzen du Olasagastik, eta ideiak forma hartu aurretik, beste herri batzuetan dauden esperientziak partekatuko dituzte bihar arratsaldean Brankan egingo duten mahai inguruan; 18:00etan hasiko da. Hala, Donostia, Hernani eta Azpeitiko Emakumeen etxeetako ordezkariek parte hartuko dute solasaldian, eta beren udalerrietako esperientziak kontatuko dituzte. "Gure beharrak plazaratzea da asmoa, eta herritarrak informatzera eta parte hartzera animatu nahi ditugu. Orain da pausoak emateko garaia", nabarmendu du Berdintasun Foroko kideak.