Ekainaren 10eko giza katea osatzeko antolatzen hasi dira herriz herri

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 20a

Herritarron Ituna osatzeko mintegi parte hartzailea egin dute Getarian. Zarautzen, Zestoan eta Zumaian aurkezpenak izan dira, eta izen ematea zabaldu dute jada.

Antoniano aretoan egin zuten giza katearen aurkezpena Zarauzko Gure Esku Dago-ko kideek. (Argazkia: Maria Maya Manterola) Gure Esku Dago dinamikak mobilizazio erraldoia egingo du ekainaren 10ean, Euskal Herrian inoiz egin den handiena.  Eman eskua etorkizunari! lelopean, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu 201,9 kilometroko giza kateak. Zapiekin lotuta, gutxienez 100.000 lagun beharko direla jakitera eman zuen herri dinamikak. Erabakitzeko eskubidea epe luzera begira «bizikidetzarako tresna ezinbestekoa» dela uste dute antolatzaileek, eta, horregatik, etorkizun hori erabakitzeko baldintzak sortu nahi dituzte. Bide horretan, herri galdeketek aurrera jarraitzen dute; dagoeneko 177.000 lagunek eman dute botoa 180 herritan. Horrez gain, Gure Esku Dago-k Herritarron Ituna osatzea du xede. Giza katearen amaieran herriz herri bildutako 2.019 arrazoiekin osatutako ituna eramango dute Gasteizko Legebiltzarrera. Herriz herri ekarpenak bildu eta arrazoi guztiekin osatuko dute ituna. Urola Kostako kostaldetik igaroko da giza katea, eta dagoeneko hasi dira Gure Esku Dagoko kideak herriz herri antolatzen. Getaria Otsailaren 24an aurkeztu zituen Getarian Gure Esku Dago-k egitekoak dituen ekimenak, Berdura Plazan. Bi kilometro osatzeko erronka izango dute getariarrek, eta lehenbailehen izena emateko eskatu dute; izena ematearekin batera, bost euro ordaindu beharko dira, giza katearen gastuei aurre egiteko. Erabakitzeko eskubidearen aldeko arrazoiak bilduko dituen Herritarron Ituna osatzeko, berriz, larunbatean mintegi parte hartzailea egin zuten Alondegian. Lau ildo izan zituzten hizketagai: Ongizatea, Herritartasuna, Kultura eta Gure Lurra. Arrazoi horiek «elkarren artean ezberdinak eta kontraesankorrak» izan daitezkeen arren, guztiak beharrezkoak direla nabarmendu zuten. Talde txikitan banatu ziren aurkezpenaren ondoren, nor bere argudioak gainontzekoekin elkarbanatzeko. Zarautz Zarauztarrek, berriz, hiru kilometro betetzeko erronka izango dute. Halaxe jakinarazi zuten larunbatean Antoniano aretoan egindako aurkezpenean. Zehazki, autobideko biribilgunetik hasi eta Getariara doan errepide erdirainoko eremua osatuko dute. Giza katean izena emateko fitxak banatu zituzten, eta apirilaren 21ean jasoko dituztela jakinarazi zuten; 12:00etatik 14:00­etara udaletxe aurrean jarriko duten mahaian. Bestetik, Legebiltzarrera eramango den Herritarron Ituna osatzeko bi hilabete eta erdiko epea izango dutela ohartarazi zuten, erabakitzeko eskubidearen aldeko arrazoiak biltzeko. Hemendik aurrera, herritarrek beren artean eztabaidatzera eta idatziz adieraztera animatu zituzten Zarauzko Gure Esku Dago taldekoek. Aurkezpenaren ondoren egin zuten luntxa baliatu zuten arrazoi horietako batzuk biltzeko. Bost urteotan «hamaika borondate josi» dituztela nabarmendu zuten antolatzaileek. Hain justu ere, pasa den maiatzean 5.000 zarauztarrek erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zutela gogora ekarri zuten. Zumaia Martxoaren 10ean egin zuten bilera irekia Zumaian, ekitaldien berri eman eta prestatzen hasteko. Giza kateari dagokionez, aurten Zumaiatik bertatik pasatuko da, eta horrek antolaketa lanak erraztuko dituela uste dute Zumaiako Gure Esku Dago dinamikakoek. Orroaga eta Narrondo arteko zatia osatzeko, mila zumaiar beharko direla adierazi dute, beste hainbat lekutatik etorritako jendearekin batera. Giza katean nola parte hartu eta izena emateko bideak aurrerago jakinaraziko dituztela azaldu dute. Zestoa Zestoari giza kateko kilometro bat egokitu zaio, eta, printzipioz, Itziar parean izango da, Txitxarro diskoteka zenaren inguruan. De­na den, Arroabetik ere igaroko da giza katea, eta antolatzaileei proposamena egin diete zestoarrek hara joateko aukera izan dezaten; Gure Esku Dago-k esan die proposamena aztertuko duela. Beraz, gaur-gaurkoz, ez dago argi zestoarrek nora joan beharko duten. Hori bai, 500 zestoar biltzea behar dute, eta, horretarako, aurrerantzean mahaiak jartzen hasiko dira herrian. 12:00etan izango da giza katea, eta autobusak jarriko dituzte herritarrentzat. Beste herriak Orion, Azpeitian, Azkoitian eta Urola Kostako gainerako herrietan Aste Santuaren ondoren antolaketa lanetan hastea aurreikusi dute. Bestetik, giza katea igaroko ez den herrietako kideek inguruko herrietan hartuko dute parte. Aurrerago jakinaraziko dute giza kateko antolaketa eta xehetasunen berri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide