Kike Amonarrizek idatzi du Enigma bizia bisita gidatuaren gidoia. (Izaskun Urbieta)
Pasa den ostiralean aurkeztu zuen Euskal Kostaldeko Geoparkeak denboraldi berriko bisita gidatuen programazioa. Zortzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta ibilaldi berri bat gehitu dute eskaintzara. Hain zuzen, Zumaiako Udalak sustatu eta Euskara eta Turismo sailen ekimenez sortu den Enigma bizia izeneko bisita. "Flyschak nazioarteko mapan jarri gaitu, eta jasotzen dugun bisitari kopuru handiena Estatutik dator. Horri erreparatuz, bisita honen helburua izango litzateke euskara bultzatzea eta balioa ematea", nabarmendu du Oier Korta Zumaiako alkateak.
Iaz, Geoparkeak antolatutako bisita gidatuetan 18.072 pertsonek parte hartu zuten, eta eskaintza berriarekin, Geoparkearen balio geologikoaz eta naturalaz gain, euskal kultura, historia eta beste hainbat alderdi nabarmendu nahi dituzte. "Unesco sareko Geoparkea izanik, kultura, hezkuntza eta zientzia ere gure oinarri dira. Bisita gidatu berria oso ongi txertatzen da gure programan", adierazi du Leire Barriuso Geoparkeko gerenteak.
Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010ean sartu zen Unescoren Munduko Geoparke sarean, eta lau urtetik behin errebalida prozesua pasatu behar izaten du. "Lehenengoa 2014an pasatu genuen, eta aurten bigarrena egokitzen zaigu. Udan etorriko dira Unescoko bi ebaluatzaile Geoparkera, eta horiek ongi hartuko dute kulturarekin eta euskararekin hartu dugun konpromisoa eta lana.
Enigma bizia izeneko bisita gidatu berri honek asko aberasten du gure programa", gaineratu du Barriusok.
'Enigma bizia' bisita berria
Enigma bizia bisita, hizkuntza ardatz hartuta, Zumaiako kaleetan barrena egingo da. 90 minutuko iraungo ditu, eta modu atsegin eta entretenigarrian, euskal kulturaren, hizkuntzaren, mitologiaren, kirolaren eta tradizioen berri emango da. Ibilaldia gaztelaniaz egingo da, baina bisitariek, oinarrizko hitz eta esamoldeak euskaraz esaten ikasteko aukera izango dute. Bisitaren amaiera Pulpo elkarte gastronomikoan egingo da mokadutxo batekin. "Eskerrak eman nahi dizkiogu Pulpo elkarteari. Kanpotik datozenentzat elkarteen figura deigarria izaten da, eta bisita honi esker gure kulturako beste zati bat erakutsiko dugu", azaldu du Kortak.
Kike Amonarrizek idatzi du bisita gidatu berriaren gidoia. Lan hori egiteko ideiak ilusio asko piztu ziola aitortu du soziolinguistak. "Baina pentsatu nuen: hau nola egiten da? Nola kontatuko dugu euskal kultura zer den kalean? Zer kontatuko dugu?". Erronka handiena, beraz, zer eta nola kontatzeko modua erabakitzea izan da Amonarrizentzat. "Kontatu nahi dugu hizkuntza nondik datorren, zein ahaidetasun ditugun, gure ohiturak zeintzuk diren, gure kirolak… Baina, benetan, gure misterioa zein den kontatu nahi dugu. Nola iritsi gara euskaldunok XXI. mendera?", azpimarratu du Amonarrizek.
1.300 bisita programatuta
Larunbat honetan hasiko da Geoparkeko bisita gidatuen denboraldia, eta urte bukaera arte bitartekoa izango da eskaintza. Guztira, hamasei bisita gidatu ezberdin daude, eta 1.300 programatuta. "Proposamen berriaz gainera, ohikoak eskainiko dira: itsas-ibilaldiak, familian egiteko aukerak…", gaineratu du Barriusok. Informazio guztia
www.geoparkea.eus atarian aurkitu daiteke.