Ardantzabidekoak ez diren egoiliarrek hamar euro ordainduko dute uda garaian aparkatzeko txartela

Baleike.Eus 2018ko martxoaren 16a

Espazio publikoan aparkatzeagatik ordaindu beharreko tasak onartu zituen atzo Zumaiako Udalak udalbatzarrean. Proposamenak EAJko zinegotzien aldeko botoak jaso zituen; EH Bilduko eta PSE-EEko zinegotziak abstenitu egin ziren. Tasak onartuta, 2018ko ordenantza fiskalak aldatu dituzte.

Zumaian atzo egin zuten udalbatzarreko irudia. (Baleike.eus) Orain arte, Ardantzabiden kotxea uzteko eskubidea zuten bizilagunek bakarrik ordaintzen zuten aparkatzeagatik; 25 euro urteko, hain zuzen ere. Hemendik aurrera, uda garaian, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean, aparkatzeko txartela eskuratu nahi duen herritar orok hamar euro ordaindu beharko du. Kopurua handituko dute txartel gehiago eskatzen badira. Iaztik hona izango da beste aldaketa bat ere. Izan ere, iaz, gehienez, etxebizitzako bi txartel eskura zitezkeen; orain, berriz, etxebizitza horretan erroldatuta dauden pertsonako eta kotxeko txartel bana emango dute. Tasa hori EAJko zinegotzien aldeko botoekin onartu zuten atzo, osteguna, egindako udalbatzarrean. PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen, Ogasun Batzordean aztertutako proposamena eta plenora eramandakoa ez zela bera argudiatuta. EH Bilduk ere arrazoi bera plazaratu zuen, eta koalizioko ordezkariek gogorarazi zuten ordenantza onartzerakoan ere abstenitu egin zirela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide