Guztira, 69 koadrok eta 27 eskulturek osatzen dute Luisa Aldabururen Sasi artean erakusketa. (Izaskun Urbieta)
Luisa Aldaburu artista zumaiarrak bere hainbat lan askotan erakutsi ditu herrian, baina lehenengo aldiz aurkeztuko du erakusketa bat Oxforden. "Nire lehenengo erakusketa Forondan egin nuen duela 27 bat urte. Akuarela eta tenperak erabiliz, marrazki sorta bat jarri nuen erakusgai bertako gela batean", gogoratu du Aldaburuk. Arte Ederrak ikasi zituen Leioan (Bizkaia), eta grabatugintzan espezializatu zen, baina marrazkiak eta ilustrazioak ere atsegin ditu. Hain zuzen, gaur irekiko duen Sasi artean erakusketako pieza batzuetan pintzelez egindako irudiak edo ilustrazio txikiak sartu ditu. Lanak egiteko erabili duen teknika mistoa izan da. "Ez dut modu klasikoan margotu. Koadro denak bidimentsionalak dira, baina, era berean, erliebea dutenez, hiru dimentsionalak dira. Ia guztiek dute ezaugarri hori", nabarmendu du.
Guztira, 69 koadro eta 27 eskultura jarri ditu Oxforden. Koadroetan kolore suabeen eta paperaren presentzia handia da. "Ez zaizkit kolore saturatuak eta deigarriak gustatzen". Paperaren protagonismoa nabarmena da: "Papera da oinarria eta koadro guztietan dago. Gainera, beharrarengatik edo ez nengoelako gustura ikusten nituen paper motekin, ni neu hasi nintzen papera egiten", aitortu du.
Eskulturei dagokionez, harria izan da gehien erabili duen materiala. Besteak beste, alabastroa, marmola eta areniska. Horriez gain, zeramikazko lau pieza sortu ditu.
Edertasuna zalantzan
Aldabururen ikerketa lerroa kanonetatik edo klasikotik aldentzen diren bideak jorratzea da. "Artea gauza politekin lotzen da, ederrekin eta gustagarriekin. Baina nire ustez hori ez da premisa bat. Inportanteena da norberarena adieraztea. Artea adierazpide bat da, eta ez du zertan edertasunaren bila ibili behar".
Hain zuzen, erakusketaren esentzia bide horretatik doa. Desafio edo erronka moduan hartu du obra honen egikaritza Aldaburuk, eta edertasunaren kontzeptutik urruntzen saiatu da: urradurak daude, koadro ertzak zaindu gabe... "Uste izaten denaren kontrakoa egin dut". Horrela sentitzen da libreago. "Estutu egiten dit edertasunaren bilaketa horrek, beraz, presio guzti horiek kentzen ditut, eta, gozatuz eta askatasunez, nire gustukoa egiten dut nahi dudan moduan".
Aldabururen artea naturaltasun batetik eta dauden exijentzia eta klitxeetatik libre garatutakoa da. Sasi artean obrarekin ere hori lortu du. Baina zergatik jarri dio izenburu hori erakusketari?: "Sasia basatia da, ezkutukoa, eta mina ere iradoki dezake. Sasia hitzarekin, gainera, esamolde asko daude. Adibidez, sasi artean egotea, arazoetan egotea da. Alde negatiboa du, baina baita positiboa ere. Sorginek esaten zuten moduan, sasi guztien gainetik, eta hodei guztien azpitik esaldiarekin bat eginik, zeruaren eta lurraren arteko erdigunean kokatzen zara. Horrek esan nahi du dena kontrolpean duzula eta orekan zaudela, hau da, libre". Erakusketari jarritako izenburuarekin arteari ere keinu egin nahi izan dio. "Sasi artean egotea onerako edo txarrerako da. Maite dugun arte bat izan daiteke, edo ez. Historian zehar artea herrian garatu da, umiltasun batean, eta horri, sasi artea deitu daiteke".
Luisa Aldabururen erakusketa gaur zabalduko dute Oxford aretoan, 19:00etan. Hori erakusgai apirilaren 2ra bitartean egongo da: astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta igandeetan eta jaiegunetan, 12:30etik 14:00etara.