"Gizarte eredua eutsiezina da"

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko martxoaren 15a

Zaintza lanei buruz mahai ingurua egin dute ."Helburua berdintasuna lortzea da, baina esklabotasunean bizi diren emakumeak badaude, ezinezkoa izango da hori".

Joxe Arregi, Matxalen Legarreta eta Silvia Carrizo zaintza lanei buruzko mahai inguruan, asteartean, Zumaian. (Izaskun Urbieta) Aurtengo Martxoaren 8ko aldarrikapenetako bat izan da zaintza lanak egiten dituzten emakumeen egoera eta lan baldintzak ikusaraztea. Bide horretan, elkarlanean, gaiari buruzko mahai ingurua antolatu zuten astearte arratsalderako Zumaiako Udalak, Zumaiako Berdintasun Foroak eta Malen Etxeak. Azken 20 urteetan zaintza eta etxeko lanek izan duten eboluzioaren inguruan mintzatu zen Matxalen Legarreta soziologoa eta EHUko irakaslea. Eustatek bost urtean behin ateratzen dituen datuekin osatu zuen bere hausnarketa; hau da, 1993tik 2013a artekoekin. "1993 eta 2013 urteetako azterketak aipagarriak dira. Krisi ekonomikoaren urteak dira, eta horietan etxeko lanek indar edo presentzia handiagoa dute", aipatu zuen. Hain zuzen, eguneroko jardueren ordu banaketan, ordaindutako lanak eta ikasketak etxeko lan eta zaintza orduen parean aurkitzen dira. Azken horien feminizazioari dagokionean, ezberdintasunak handiak dira: "Emakumeek egunero ordubete gehiago egiten dute, batez beste". Hala ere, azken urteetako joera, emakumeek etxeko lan gutxiago egitea da. Aitortza eta banaketa Zaintza lanen kasuan, genero arteko ezberdintasuna ez da hain sendoa, gizonezkoen inplikazioa handitu egin baita. "Zaintza lanen kasuan, gizonezkoen parte hartzea igo egin da; denbora gehiago eskaintzen diete, inplikazioa handiagoa da". Legarretaren iritziz, baina, egungo bizitza eredua mantentzeko, ezkutuko lan asko egin behar da. "Ekonomia bi lan ereduz dago osatuta: ezkutukoa eta azalekoa. Aldaketa nahi bada, ordea, ezkutuko lanek ere bere aitortza izan behar dute. Eta, horretaz gain, lan banaketa orekatu bat bermatu beharko litzateke". Ezkutuko lan horietan, hain zuzen, zaintza lanetan ibiltzen diren emakume migranteen adibidea dago. Silvia Carrizo Malen etxeko kideak, Errealitatea aldatu: lan berdinak denontzat txostena aurkeztu zuen. Zaintza lanen kasuan, atzerriko emakumeen presentzia gero eta handiagoa da. Lan horien ikusgarritasuna, aitortza eta duintasuna bilatzen dute Malen Etxeakoek. "Txostenaren helburua da eztabaida sortzea zaintza lan horien errealitatearen inguruan. Izan ere, esklabutza egoeran bizi diren emakumeak ditugu, bizitzarik gabe, kontziliazioa egiteko aukerarik gabe. Noiz arte jarraituko du gizarte honek egoera hau sostengatzen?", galdera mahai gaineratu zuen Carrizok. Malen Etxeako kidearen iritziz, gizartea «eutsiezina» da momentu hauetan. "Helburua berdintasuna lortzea da, baina esklabotasunean bizi diren emakumeak baldin badaude, ezinezkoa izango da hori". Gizarte eredu berria Carrizoren iritzi berekoa da Joxe Arregi ere. Malen Etxeak egiten duen lanaren garrantzia goraipatu zuen Arregik, eta "gizarte honen partaide izaki", emakume horiek bizi dutena kontuan hartu gabe ezin dela utzi esan zuen. "Beren herrialdetatik kanporatuak izan diren emakumeak bezala definitzen dira Malen Etxeko kideak, baina gurean ere, gizartetik baztertuak bezala bizi dira. Kanporatu horiek zaintzen gaituzte, eta gainera, marjinatu egiten ditugu. Gainera, zer ordainsari dute?". Gizartearen ongizateaz ere mintzatu zen Arregi mahai inguruan: "Gure ongizatea bilatzen dugu, eta ez langile horiena. Horrek bidegabeko eta eutsiezina den egoera ekartzen du. Berdintasuna bilatu behar dugu, eta beste gizarte eredu baten alde lan egin".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide