Itxas-Gaineko bost piraguista lehiatuko dira Espainiako Txapelketan

Juan Lui S Romatet 2018ko martxoaren 14a

Neguko Espainiako Piraguismo Txapelketa Sevillan jokatuko da asteburuan. Zumaiatik joango diren lau piraguistari Iñigo Peña herritarra gehituko zaie Andaluziako hiriburuan.

Irati Osa, Zumaian jokatu zen Gipuzkoako Txapelketan. (Peio Romatet) Neguko Espainiako Piraguismo Txapelketa jokatuko da asteburuan, larunbatean eta igandean, Sevillan, Guadalquivir ibaiaren alboan eraikitako kanal batean. Denboraldiko lehen txapelketa handia izango da hori. Txapelketa horretan izango dira Itxas-Gain klubekoak ere. Bost laguneko ordezkaritza eramango du Zumaiako piraguismo taldeak Sevillara, aurreko urteetakoa baino txikiagoa. "Txapelketan jubenil, 23 urtez azpiko, senior eta beterano mailetako piraguistek parte hartuko dute. Lehen kadeteak ere izaten ziren, aurten, ordea, txapelketa horretatik atera eta haientzako txapelketa propioa antolatu dute Palma Mallorcan", adierazi du Xabier Osa piraguista eta entrenatzaileak parte hartzearen gutxitzea azaltzeko. Hala, bost lagunek eramango dute Itxas-Gainen kamiseta Espainiako txapelketan: Irati Osak, Imanol Barruetabeñak eta Imanol Txapartegik (23 urtez azpikoen mailan), Iñigo Peñak (seniorretan) eta Xabier Osak (beteranoetan). Madrilen bizi den Peñak, Sevillan bertan egingo du bat klubeko beste kideekin. Larunbatean sailkatze estropadak jokatuko dituzte, 2.000 metroko distantzian. "Eremua kaletan banatuko da, eta erlojuaren aurka arituko dira piraguistak. Maila bakoitzeko lehen 70ak igandeko probara igaroko dira. Igandekoak 5.000 metroko distantzia izango du, eta denak batera aterako dira", gaineratu du Osak. Osak, beterano mailako piraguista denak, ederki ezagutzen du Espainiako txapelketa, aurrez ere bertan sarritan izandakoa delako. "Txapelketa polita izaten da eta maila oso handikoa. 200 metroko palistak izan ezik, estatu osoko piraguistak izaten dira bertan, pistakoak eta baita maratoikoak ere. Sevillan irabazteak ospe handia ematen du". Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan lan txukuna egin eta gero ariko dira zumaiarrak Andaluzian. Irati Osak Zumaian jokatutako Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen otsailaren 25ean, eta Euskadikoa, Irunen, astebete geroago. Imanol Barruetabeña ere garaile izan zen Zumaian, baina Euskadikoan erretiratu egin behar izan zuen, eroriko bat izan eta gero. «Irati oso-oso ondo dabil. Imanol Barruetabeña bueltan da iaz izandako lesioaren ondoren, eta maila onean dago. Pasa den urtetik hona asko hobetu dena Imanol Txapartegi da. Hobera egin du nabarmen», azpimarratu du piraguisten entrenatzaileak. Aurreko urteetako txapelketetan aritutako zenbait piraguista ez dira aurten Sevillara joango. "Lan asko ari dira egiten, baina ikasketak direla medio, ez daude txapelketara joateko mailan". Itxas-Gainen helburuak Espainiako txapelketara begira nahiko xumeak dira. "Barruetabeñaren eta Txapartegiren kasuan, lehen estropadan aurrera egin eta igandekoan ahalik eta ondoen aritzea nahiko genuke, eta Iratik ea hamar onenen artean sartzea lortzen duen. Iñigo ez dago hemen eta ez dakigu nola dagoen, baina onenen artean egon beharko luke. Eta ni, bada, buruan egotearekin gustura egongo naiz". Etorkizunera begira Sevillako hitzorduan egongo ez direnak kadete mailako piraguistak dira. Espainiako federazioak, aurten, maila honetako piraguistentzako txapelketa propioa antolatu du Palma Mallorcan. Itxas-Gain ez da joango txapelketa horretara, "nahiz eta lehen hamarren artean sartzeko moduko pare bat piraguista baditugun". Osak adierazi digunez, horren atzean arrazoi ekonomikoak daude. "Aurretik joan izan gara Palmara, eta urte hartan ferrya doan zen. Aurten, ordaindu egin behar da: piraguen karroagatik 300-400 euro ordaindu behar dira, beste hainbeste furgonetagatik, eta gero egonaldiak ere hor daude. Hori ikusita, ez joatea erabaki dugu. Ordainetan, beste txapelketa batera eramango ditugu gazteak lehiatzera". Dirua soberan ez du klubak eta, aurreikuspenak eginda, datorren denboraldirako gordetzea erabaki du. "Jende asko igoko da mailaz, ekipamendua erosi beharko dugu, piragua batzuk ere bai, eta aurten ahalik eta gastu txikiena egitea erabaki dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide