Pirritx, Porrotx eta Marimototsek bideoklipa grabatu dute Erribera kaleko hormaren aurrean

Baleike.Eus 2018ko martxoaren 12a

Gaur Erribera kalean grabatu dute bideoklipa hainbat lagunek. (Baleike.eus) Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bideoklip berria grabatu dute gaur, astelehena, Zumaian; hain zuzen ere, Euskal Herrian ezagunenetakoa izango den horman. Kalea Guztiona Da (KGD) mugimenduarekin elkarlanean grabatu dute bideoklipa.
Mugimendu galanta izan da goizean zehar Erribera kalean. Pailazoak, haien taldekideak, KGDko kideak eta haur eta heldu taldea bertaratu da hormaren parera. "40tik gora lagun bildu gara denera", adierazi dio Baleikeri KGDko kide batek. Horma horretan 60tik gora mural margotu dituen mugimenduko kideak jarri ziren harremanetan pailazoekin. "Porrotxekin hitz egin genuen. Hark kontzertuak ematen ditu eta geurera etortzeko gonbidapena egin genion". Haien erantzunak zur eta lur utzi zituen zumaiarrak. "Esan ziguten beraien azken diskoan Kalea denona da izeneko kantu bat badela eta Zumaiara etorriko zirela bideoklipa grabatzera". Esan eta egin: KGDko kideek beste mural bat margotu dute eta haren aurrean aritu dira pailazoak dantzan eta jolasean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide