Arroako autobidearen sarreran, ubidea kanalizatzen ari dira

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 12a

Joan den hilean jakinarazi zuten Arroako autobidearen sarrerako zuloa konpontzen hasi zirela. Gaur, Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu du Arroaerreka ubidea kanalizatzen ari direla. Izan ere, zuloa egin zen errepidearen azpitik igarotzen da ubidea, eta hura bideratu behar da zuloa konpontzerako. Joan zen abenduaren 1ean, AP-8 autobideak GI-631 errepidearekin bat egiten duen biribilgunean, bidezorua ondoratu zen. Ondorioz, Bidegi Gipuzkoako azpiegituren agen­tziak larrialdiko ekintzak egin zituen eremua egonkortzeko, eta autobideko 48. irteera eta sarrera erabiltzen duten ibilgailuentzako ordezko sarbide bat egin zuen. Horretarako, ondoko Sansinenea industrialdera, egun indarrean dagoen behin-behineko lotune bat prestatu zuen. Ondoren, Bidegik lehiaketara atera zituen zulo hori konpontzeko lanak, eta esleipena premiazko tramitearen bidez egin zuten. Hiru hilabete beharko dituzte lanak egiteko, eta 450.000 euroko aurrekontua (372.900 euro gehi BEZ) izango dute obrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide