Ekainaren 10eko giza katearen ibilbidea (Gure Esku Dago).
"Etorkizuna erabakitzeko aukerak sortzea" helburu izanik,
Gure Esku Dago dinamikak mobilizazio erraldoia egingo du ekainaren 10ean: giza kate bidez Donostia-Bilbo-Gasteiz lotuko ditu. 201,9 kilometroko bidea egingo du kateak,
Eman eskua etorkizunari! lelopean, eta Urola Kostako kostaldetik igaroko da. Zapiekin lotuta, gutxienez 100.000 lagun beharko direla azaldu dute herri dinamikako kideek. Dagoeneko kostaldeko herrietako Gure Esku Dago dinamikako taldeak hasi dira herriz herri aurkezpenak egiten: otsailaren 20an bilera irekia egin zuten
Zarautzen, otsailaren 24an aurkeztu zuten Getarian eta gaur (martxoak 10) Zumaian.
Gaur, Zumaian
Zumaiako Gure Esku Dago taldea gaur (martxoak 10) goizean bildu da, ekitaldien berri eman eta prestatzen hasteko. Giza kateari dagokionez, aurten Zumaiatik bertatik pasatuko da eta horrek antolaketa lanak erraztuko dituela uste dute Zumaiako Gure Esku Dago dinamikakoek. Orroaga eta Narrondo arteko zatia osatzeko, mila zumaiar beharko direla kalkulatu dute, beste hainbat lekutatik etorritako jendearekin batera. Giza katean nola parte hartu eta izena emateko bideak aurrerago jakinaraziko dituztela azaldu dute. Bestetik, maiatza bitartean, Euskal Herri mailako Herritarren Ituna osatzea da helburua. Dokumentu horretan jaso nahi dituzte erabakitzeko eskubidearen aldeko 2019 arrazoi, herritarrek emandakoak. Bilketa lan hori egiteko hainbat bide eskainiko dizkie zumaiarrei.
Getarian, otsailetik antolaketan
Getariako Gure Esku Dagok aurten egin asmo dituztenak otsailaren 24an aurkeztu zituen, Berdura Plazan. Ekainaren 10eko giza katean getariarrek 2 kilometro osatzeko erronka izango dute. Antolatzaileek, lehenbailehen izena emateko eskatu dute; izena ematearekin batera bost euro ordaindu beharko dira, giza katearen gastuei aurre egiteko.
Herritarren Ituna aurkeztu ere aurkeztuta dute Getarian. Erabakitzeko eskubidearen aldeko 2019 arrazoiak hil honetan, martxoan, landu nahi dituzte. Dagoeneko dena antolatzeko biltzen hasita daude Getarian.
https://youtu.be/uEGi9YafXQo