Hondakinen biltzeko sistema berria "hobetzen segitzeko" herritarren parte hartzea eskatu du Zumaiako Udalak

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 10a

Kostako bost udalerrietan hondakinen bilketa sistema berria jarri dute abian, Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatuta

Hondakinak biltzeko sistema berria jarri zela hamabost egun bete direla gogorarazi du Zumaiako Udalak. Kostako bost udalerrietan (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) jarri dute sistema bera eta Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatzen du. "Udal Elkartea osatzen duten bost udalerrietako alderdi politiko denen (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Irabazi eta Orain) adostasunarekin jarri da", nabarmendu du udalak. Hondakinen sistema martxan jarri ondoren, "herritarrengan sortu dituen beharretara moldatzeko egokitzapenak" egin ditzaketela azaldu du Zumaiako Udalak. Ildo horretan, herritarrak sistema berria hobetzeko "iradokizunak eta proposamenak" egitera animatu ditu. Erakundeak gogorarazi du, udaletxean zabalik dagoela informazio eta arreta bulegoa martxoaren 16ra arte, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era. "Sistema berria izanik, badakigu martxa hartu ahala horren inguruan behar berriak sor daitezkeela; horregatik, hain zuzen ere, sistema irekia da, hau da, egokitzapenak egin ahal izango zaizkio behar zein eskaerei erantzun ahal izateko", adierazi du Oier Korta alkateak ohar bidez. Adibide bat ere azaldu dute: datorren astean Aita Mari kaleko espaloiak zabaltzeko lanak egingo ditu udalak, "toki horretan, edukiontzi berriekin toki estuegia gelditu delako oinezkoak eroso ibiltzeko".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide