Aintzane Oiarbide –eskuinean–, atzo Santiagoko lanetara egindako bisitan (Baleike.eus)
Getaria eta Zumaia arteko Kostako N-634 errepidea erabat itxita dago otsailaren 3an Santiagoko tunelaren parean (Zumaia) luizia gertatu zenetik. Hilabete pasatxo behar izan dute malda egonkortzeko lehen lanak egin ahal izateko, eta gaur, martxoak 9, arratsaldean bide bat zabalduko dute trafikoarentzat. Dena den, lanak ez dira oraindik amaitu eta luze joko dutela iragarri zuen atzo, martxoak 8, Aintzane Oiarbide errepideetako diputatuak, Santiagoko lanetara egindako bisitan.
Oiarbidek azaldu du lehen fasea ari direla amaitzen: "Labarraren gainaldean egonkortze lanak egin dira, hormigoizko hesi bat eta eskoilera bat eraiki dira. Orain falta da urak jasotzeko lanak amaitzea: Lehen fase hau martxo bukaerarako amaituko dugu". Lehen fase honetarako aurrekontua 180.000 euro ingurukoa da. "Larrialdiko prozeduraz" egindako lanak izan direla azaldu du, ahalik eta azkarren amaitu ahal izateko.
Baina horrekin ez dira egin beharrekoak amaituko. Bigarren fasean, malda osoari eutsiko dion altzairuzko sare bat jarriko dute, luizia gertatutako tartean eta aldamenean, gaur egun dagoen sarea kenduta. "Bigarren fasearekin maiatzean hastea espero dugu. Aurretik, proiektua idatzi behar da eta lanak lehiaketara atera. Bi hilabete eta erdiko obra izango dela kalkulatu dugu. Beraz, gutxienez, uztail erdialdera arte beharko dugu amaitzeko". Eta lanak erabat amaitu arte bide bakarra egongo da zabalik, lehen fasea martxo amaieran bukatu eta bigarrena maiatzean hasi bitartean ere bai, segurtasunagatik.
Zumaia-Donostia autobusak, ohiko ibilbidera
Behin Getaria eta Zumaia arteko Kostako N-634 errepideko bide bat irekitzen dutenean, Zumaia-Donostia arteko autobus zerbitzuak ohiko ibilbidea egingo duela ohartarazi du Lurraldebusek.
* Albistea osorik irakurtzeko: Baleike.eus