Martxoaren 8ko arratsaldeko deialdiak ere jendetsuak izan dira

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 8a

Martxoaren 8rako mugimendu feministako eragileek, hezkidetza forioek, udaletako berdintasun sareek eta beste hainbat taldek egindako deialdiek jendearen aldetik erantzun bikaina izan dute. Aurrekaririk gabeko Martxoaren 8a izan da aurtengoa. Eguerdira arteko ekitaldiak jendetsuak izan dira herriz herri. Arratsalderako ere, lanuzte feministaz gainera, beste hainbat ekitaldi zeuden deituta, eta erantzuna bikaina izan da Urola Kostan. Parekidetasunaren aldarriak kaleak eta plazak hartu ditu. Azkoitiko Sostenipe talde feministak arratsalderako deitutako mobilizazioan ehunka lagun batu dira Mundua geldituko dugu mundua mugitzeko pankartaren atzean, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko, eta Gora borroka feminista oihu eta txalo zaparrada artean amaitu dute protesta. Elkarretaratzearen amaieran Sostenipeko kide batek hartu du hitza, eta azpimarratu du "emakumeak gizartearen bizkarrezurra" direla. "Eta nazkatuta gaude gainean daramagun pisuaz", gaineratu du. Azpeitian ere arratsaldean jarraitu dute Martxoaren 8ko plantoaren harira prestatuta zuten egitarauarekin. Xabier Pajuelo gazte azpeitiarrak transexualitateaz hitzaldia eskaini du jendez lepo bete den Emakumeen Txokoan. Adin guztietako emakumeak bildu dira Pajueloren bizipenak entzutera. Herriko plazak hartu du eguneko bigarren mobilizazio jendetsuena. Ehunka lagunek, emakumek zein gizonek, elkarretaratzea egin dute 18:30ean, M8 greba feminista. Emakumeok planto! lelopean. Martxoaren 8ko manifestazio jendetsua egin dute arratsaldean Orion, eta herritar ugari atera da kalera. Hona hemen manifestazioaren bideoa. Zestoan eguerdiko mobilizazio jendetsuari jarraipena emanda, dozenaka lagun atera dira berriro kalera Zestoan iluntzean, Martxoaren 8ko ekitaldi nagusirako. Eguerdian bezala, plazan elkartu eta kalez kalez abiatu dira lehendabizi, musika eskolako trikiti ikasleak eta irakasleak martxaren buruan zirela eta eguerdian atera duten pankarta berarekin. Arroabean ere eguerdian eta arratsaldean parekidetasunaren aldeko elkarretaratzeak egin dituzte emakumeek. Zarautzen hainbat ekitaldi egin dituzte arratsaldean Zarauzko Sare Feministak deituta. Alde batetik, zaintza lanen inguruan tertulia bat  egin dute eta haurrentzako beste solasaldi bat Ana Galarragarekin eta Iratxe Aranbururekin. Iluntzean, bestaldetik, batukada jendetsua egin dute. Aspaldiko manifestaziorik jendetsuena egin dute gaur, martxoak 8, arratsaldean ehunka herritarrek Zumaian, mugimendu feministak aurtengo Martxoaren 8rako prestatutako aldarrikapen egunarekin bat eginez. Erribera kale osoa hartu du jende oldeak, "gora borroka feminista!" oihu artean. Herriari itzulia eman ondoren, mezu aldarrikatzaileak bukatu dute mobilizazioa. .    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide