Martxoaren 8a, inoiz baino moreago

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 8a

Gaur, Emakumeen Nazioarteko Egunean, aspaldiko mobilizaziorik jendetsuenak egiten ari dira Urola Kostan. Emakumeen eskubideak aldarrikatzeko, elkarretaratze jentsetsuak egin dituzte herriz herri goizean zehar, eta ehunka izan dira nazioarteko grebarekin eta Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako lanuzte feministekin bat egin dutenak. AizarnazabalenEmakumeok planto. Zanpatzen eta azpiratzen gaituzten sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko! lelopean, elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean, eta ondoren, kalerik kale ibili dira pankarta aurretik hartuta. Azkoitian ere ehunka lagun elkartu dira herriko plazan 11:00etan lanpostuak utzi dituztenean. Era berean, anbulatorioko langileek lantoki aurrean egin dute elkarretaratzea. Azpeitian, berriz, kanpaiek 12:00ak jotzerako ehunka emakume bertaratu da plazara. Kartulina moreak hartuta, mosaikoa egin dute han bildutakoek, eta Martxoaren 8ari keinu eginda, M8 eta emakumeen ikurra irudikatu dituzte kartulina moreekin. Errezilen ere dozenaka emakumek egin diote planto lanari, eta elkarretaratzea egin dute 12:00etan udaletxe aurrean. Gainontzeko herrietan bezala, lanuztera batu dira errezildar emakumeak. Getarian ere eguerdian egin dute Martxoaren 8ko bilkura, herriko plazan dozenaka getariar bildu dira deialdiarekin bat eginez. Orion, berriz, heldu zein umeek hartu dute goizean protagonismoa. More kolorea nagusi, abestuz ospatu dute Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta bertsotan aritu dira udaletxeko balkoitik. Zarautzen ere erantzun beroa izan dute goizeko mobilizazioek: Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aiako ikastetxe eta udal guztiek bat egin dute emakume eta gizonen arteko parekotasuna aldarrikatzeko. Zarautzen Musika Plazan elkartu dira, eta kalejira egin dute Alde Zaharrean. Zarauzko Mugimendu Feministako kideak ere goizetik hasi dira elkartzen Lege Zaharren enparantzan, Martxoaren 8ko gunea prestatzeko, eta eguerdian kate jendetsua osatu dute. Gainontzeko herrietan bezala, Zestoan ere inoiz baino oihartzun handiagoa izaten ari da aurtengo Martxoaren 8ak. Txoko Feministak deitutako lanuzteekin bat egin dute dozenaka herritarrek, eta manifestazioa egin dute 200dik gora lagunek Milaka arrazoi ditugulako… Gaur emakumeok planto! pankartaren atzean. Zumaian ere jendetza elkartu da goizean. Zubitxikiko bi alboetan jendetza bildu da mugiendo feministaren deialdiarekin bat eginez, eta herritarrek errepidea ere hartu dute argazkia ateratzeko. Mugimendu feministak, "gustura" Goizeko ekitaldiek izan duten harrera ikusita, mugimendu feministetako kideak gustura azaldu dira erantzunarekin.  "Egoera antzekoan dauden emakumeak autonomoki antolatu dira, eta ohikoak ez diren iniziatiba mordoa ikusten ari gara. Izan ere, askok bere sentitu dute egun honetako aldarrikapena, eta jendeak aprobetxatu egin du aukera hau mobilizatzeko eta aldarrikatzeko", esan du Edurne Epeldek, Zarauzko mugimendu feministako kideak. Basanderiek Azpeitiko gazte asanblada feministako kideak "hunkituta" agertu dira Azpeitian antolatutako hitzorduak izan duen erantzunarekin: "Ez genuen horrenbeste jende espero. Ederra izan da horrenbeste emakume elkartu direla ikustea, beren eskubideak aldarrikatzeko. Une batez plaza emakumeena bihurtu da, eta horrek hunkitu gaitu".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide