Ardantzabideko aparkamendu ordenantzarekin "kezka eta haserrea" agertu du bizilagun talde batek

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 7a

Ardantzabide. (Baleike.eus) San Telmo kaleko eta Ardantzabideko bizilagun talde batek aparkamenduen ordenantza dela-eta "kezka eta haserrea" agertu du Baleike Zumaiako aldizkarira bidalitako gutunaren bidez. Sinadura bilketa abiatu dute herritarrek, eta Ardantzabideko eta San Telmo kaleko atarietan eta saltokietan jarri dituzte sinadura biltzeko orriak. Bizilagunek ordenantzaren puntu batzuekin desadostasuna agertu dute, eta Zumaiako Udalari eskera zehatzak egin dizkiote. Besteak beste, erakundeari eskatu diote egoiliarren txartela doakoa izatea herritar guztietzat eta herri guztian urte osoan doan aparkatzeko aukera izatea. Gainera, aparkaleku berriak egokitzea ere eskatu diote udalari, TAOk eta egoiliarren txartela ordaintzeak herri aparkalekuen arazoa ez duela konponduko uste baitute. Horregatik, araudi eta ordenantzak egiterakoan herritarren iritziak eta beharrak kontuan hartzea eskatu diote erakundeari, eta errotazio handiko eta egonaldi ertaineko zonaldeen banaketa justua egitea ere bai. Honako lotura honetan irakur daiteke bizilagunek kaleratu duten gutuna osorik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide