Nor bere erara, denak bat

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 7a, 09:42

Honako galdera hauek egin dizkiegu eskualdeko hainbat emakumeri: Zer egingo duzu Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean? Mugimendu feministak greba feminista deitu du, bat egingo al duzu deialdiarekin? Lanuztea egin behar baduzu, nola egingo duzu? Nahia Aroztegi (Getaria), DBH4ko ikaslea.

Nahia Aroztegi: "Emakumeok gutxiago ez garela erakutsi behar diogu munduari"

"Emakumearen Eguna ospatzeko zerbait dela iruditzen zait. Emakumeak gutxiago ez garela erakutsi behar diogu munduari. Egun horretan ez naiz ikastolara joango, eta Zarautzen herri mailan antolatu diren ekimenetan parte hartuko dut. Etxean ez dakit zer egingo dudan... Nire amak etxean ere planto egingo duela dio. Ikastolan, nire ikasgelako ordezkaria naiz, eta grebaren kontua eramaten ari gara. Emakumezkoek greba egingo dugula erabaki dugu, ekintzetan parte hartzeko". Mireia Centeno (Zumaia), psikologoa.

Mireia Centeno: "Emakumezko eta gizonezko guztiok kalera atera eta bat egin behar dugu"

"Emakumeen eguna da, eta egin beharra daukagu zerbait. Egun horretan emakumezko eta gizonezko guztiok kalera atera eta bat egin behar dugu. Nire kasuan, lanuztea egingo dut, eta elkarretaratzera joango naiz. Goizez egiten dut lan, beraz, arratsaldean deituta dagoen mobilizazioan izango naiz. Etxean egokitzen dena egin beharko dut... Ordutegiaren arabera antolatzen gara. Alaba bat daukat, eta ostegunean, nire bikotekidearekin, egunero bezala banatuko ditugu lanak". Mari Karmen Gaintza (Zumaia), pentsioduna.

Mari Karmen Gaintza: "Emakumea izan gabe ere, badago protestarako arrazoirik"

"Emakumea izanda protestarako arrazoi ugari dagoela uste dut, baina horretarako ez dut uste emakumea izatea beharrezkoa denik, denok egin beharko genuke protesta. Martxoaren 8an Zumaian deitu duten elkarretaratzera joango naiz eta bertan parte hartuko dut. Etxean, berriz, ahalik eta lan gutxien egiten saiatuko naiz egun horretan. Hori bai, gosea badaukat zerbait jateko edo bazkaria prestatuko dut, baina, gainontzean, ahal den guztia libre hartuko dut". Neris Jesenia Zeledon (Aia), zaintzailea.

Neris Jesenia Zeledon: "Antzeko lanetan diharduten batzuk gaizki dabiltza, baina ez da nire kasua"

"Oso egun garrantzitsua iruditzen zait Martxoaren 8a: bai ospatzeko, bai eskaerak egiteko, bai arazoez kexatzeko. Neuk ezingo dut parte hartu egun horretako ekintzetan. Izan ere, lanean ari naiz. Adineko bikote bat zaintzen dut, eta ordu asko izan arren, oso ondo hartu naute. Urrun dut familia, eta herrimina pixka bat baretzen lagundu didate. Nire lagun batzuk antzeko lanetan gaizki ari dira pasatzen, baina, zorionez, hori ez da nire kasua, etxekotzat hartu bainaute". Mari Karmen Garcia (Zarautz), etxekoandrea.

Mari Karmen Garcia: "Etxean egiten dut lan, eta niretzat egun normala izango da biharkoa"

"Nik etxean egiten dut lan, eta egun normala izango da niretzat biharkoa. Nire semeek Orokieta Herri Eskolan ikasten dute. Greba eta giza katea egingo dituzte, eta amaitzen dutenean, haien bila joango naiz. Etxean guztion artean egiten ditugu gauzak, eta bakoitzak duen denborak baldintzatzen du etxeko lanen banaketa". Miren Prieto (Zarautz), Lakari dendako langilea.

Miren Prieto: "Laurok uste dugu biharko eguna guretzako dela, aldarrikapenerako"

"Bihar langile guztiok hartuko dugu parte protestan, eta kontsumo greba ere deitu dutenez, itxi egingo dugu Lakari. Lau emakumek egiten dugu lan, eta laurok uste dugu biharko eguna guretzako dela; gure aldarrikapenerako. Zarautzen antolatu dituzten ekitaldietara joango gara. Etxean ere esan dut nik planto egingo dudala". Arantxa Saizar (Orio), Kutxi kafetegiko langilea.

Arantxa Saizar: "Etxekoa ez zait lana iruditzen, edo horretara ohituta nago beharbada"

"Ez dut planteatu ere egin biharko egunean lanera ez etortzea, eta etxean gauzak aldatzea ezinezkoa dela iruditzen zait. Jendeak esan dit etxean ez nukeela ezer egin behar, baina ez zait irteten. Niretzat etxean egiten dudana ez da lana, edo, beharbada; horrela ohitu naiz. Alabei esaten diet, beraiek gazteak direla eta saiatzeko". Mila Aizpuru (Azpeitia), erretiratua.

Mila Aizpuru: "Nazkatuta nago hainbeste lan egiteaz; bihar ez dut kolpe zorrik joko"

"Martxoaren 8an greba egingo dut, bai horixe! Bihar ez dut neuretzako gosaria ere prestatuko, beste norbaiti esan behar diot egiteko. Nazkatuta nago hainbeste lan egiten. Jaio orduko hasi ginen lanean: umeak zaintzen, enkarguak egiten... Ja nekatuta nago, eta bihar ez dut kolpe zorrik joko! Jarri eta egon egin behar dut". Loli Aldalur (Azkoitia), dendaria.

Loli Aldalur: "Oso ondo iruditzen zait greba egitea, baina neuk ez daukat egiterik"

"Nik ez dut egingo bihar greba, ezin dudalako. Bi arrazoi ditut horretarako: batetik, lan asko daukat, eta, bestetik, ama oso zaharra da eta ni bakarrik nago etxean bera zaintzeko. Ez daukat inor horretan laguntzeko. Oso ondo iruditzen zait Martxoaren 8an greba egitea emakumeen eskubideak aldarrikatzeko, baina neuk ez daukat egiterik". Igone Arruti (Beizama), haurreskolako irakaslea.

Igone Arruti: "Kontzientzia hartzeko, gauza sinbolikoak egin behar dira askotan"

"Asmoa badut bihar greba egiteko, baina haurreskola batean lan egiten dut, eta gutxiengo orduak sartu beharko ditut. Etxean, berriz, ama izateari ezin diot planto egin, baina gainontzeko lanetan saiatuko naiz egiten. Garrantzi handiagoa ematen diot egunerokoari Martxoaren 8ari baino, baina egia da askotan kontzientzia hartzeko gauza sinbolikoak egin behar direla. Etengabe gauzak egiteko hezi gaituzte, eta batzuetan planto egiten ere jakin behar da, albokoa orduan konturatzen da". Ixiar Muguruza (Zestoa), erretiratua.

Ixiar Muguruza: "Zaila iruditzen zait greba egitea; nik ez nuke asmatuko etxean greba egiten"

"Niri greba egitea oso zaila iruditzen zait. Ahal dela egin behar da, baina nik ez nuke asmatuko etxean greba egiten. Horretarako, etxetik irten beharko nuke. Egunero bazkaltzera etxera etortzen dira 8-9 lagun, eta haiei bazkaria prestatzen diet. Gizonezkoei ere dena guk egin diegu beti, eta hori ez dago ondo. Baina gure adinarekin hori horrela dela buruan sartuta dugu, eta oso zaila iruditzen zait hori aldatzea. Hala ere, oso ondo iruditzen zait borroka egitea; nik borroka guztiak babesten ditut". Eneritz Mancisidor (Azpeitia), tabernaria.

Eneritz Mancisidor: "Emakumeok duintasuna eta gure lekua aldarrikatzeko balio du grebak"

"Martxoaren 8an planto egingo dut. Izan ere, emakume eta langile izateagatik, emakumea bi aldiz zapalduta dago. Horrez gain, gizarte parekide eta justu baten aldeko bide honetan, uste dut greba egiteak balio duela emakumeok duintasuna eta geure lekua aldarrikatzeko nahiz geu elkarren artean ahalduntzen joateko. Iruditzen zait hori dela bidea gizarte justuago eta parekideago bat eraikitzeko. Nik neuk asmoa dut Azpeitian egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko eta Donostiara joateko". Maitane Belaustegi (Aizarnazabal), irakaslea.

Maitane Belaustegi: "Emakumeok ezin dugu onartu inolako bereizkeriarik eta zapalkuntzarik"

"Bihar planto egingo dut, ordubeteko lanuztearen bidez. Lau arrazoi nagusi ditut horretarako: enplegu aldetik, egitura oso patriarkala da; kontsumoari dagokionez, sistema kapitalista batean bizi gara eta emakumea objektu bezala hartzen da; zaintza lanetarako, beti emakumearen rola nagusitzen da; eta, azkenik, ikasketak ere sistema horretatik bideratzen ditugu. Gainera, indarkeria matxista indarrean dago oraindik. Emakumeok ezin dugu onartu inolako bereizkeriarik eta zapalkuntzarik". Naroa Aiertza (Errezil), ludotekako hezitzailea.

Naroa Aiertza: "Umeek kontzientzia har dezaten baliatuko dut biharko eguna"

"Errezilgo ludotekako hezitzailea naiz, eta Martxoaren 8an planto egingo dut, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzeko. Era berean, biharko eguna baliatuko dut umeek kontzientzia har dezaten emakumeok egunerokotasunean jasaten dugun bereizkeriaren inguruan. Galdera batzuk egingo dizkiet haurrei, emakumeok zenbat lan egiten dugun kontura daitezen. Biharko eguna oso markatuta dago, baina egunero egin behar dugu borroka gure eskubideak aldarrikatzeko". Ikusi hemen biharko deialdiak, herriz herri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide