"Ez dago formula bakarra Martxoaren 8an protesta egiteko"

Onintza Lete Arrieta 2018ko martxoaren 2a

Lanuzteak egitera eta etxeko eta zaintza lanak ez egitera deitu dituzte emakumeak. Hausnarketa eta zalaparta eragin nahi ditu mugimendu feministak planteamenduarekin.

Azpeitiko mugimendu feministakoak martxoaren 8ko egitaraua aurkeztu dute. (Maialen Etxaniz) Astebete baino gutxiago falta da Martxoaren 8rako. Aurtengoa berezia izango da, eta zeresana ematen ari da. Izan ere, planto egitera deitu du mugimendu feministak, eta bat egin du erabaki horrekin euskal gehiengo sindikalak. Hala, martxoaren 8an lanuzteak egingo dituzte emakumeek 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara, eta bestelako lanik ez egiteko gonbita ere jaso dute. Esaterako, zaintza lanak eta etxeko lanak. Greba lau ardatzetan banatu dute: kontsumoan, zaintzan, lanean eta hezkuntzan. Lan arloan emakumeek jasaten duten prekarietatea eta ordaindu gabeko lanetan emakumeek duten ardura ikusarazi nahi da horrela. Hala ere, lau arlo horiek gutxi gorabeherako gida bezala jarri dituzte. Izan ere, "ez dago formula bakarra martxoaren 8an protesta egiteko". Hori nabarmendu du Ainhize Muniozguren Zarauzko mugimendu feministako kideak. "Bakoitzak bere modura ulertzen du planto feminista, eta modu guztiak dira ongietorriak". Zaintzari dagokionez, esaterako, aukera pila bat ezagutu dituzte emakumeen ahotik. "Batzuk zaintza lanik ez dute egingo arratsalde partean. Amona batek esan digu, berriz, egunero bilobentzat egiten duen bazkaria ez duela egingo egun horretan". Emakumeen asmoak bideo batean jasotzen ibili dira azken egunotan Zarautzen, eta Muniozgurenek jakinarazi du laster egongo dela bideoa herritarren eskura.

Dagoeneko irabazi dena

Jakiteko dago aurtengo planteamenduak zer emaitza emango dituen, eta zenbateko eragina izango duen gizartean eta ekonomian. Baina badago gauza bat argi Muniozgurenentzat: "hausnartzea bera bada egun horren helburu bat", eta hori jada lortu da. "Emakume batek, beharbada, ezingo du lanuzterik egin egun horretan. Eta agian etxeko lanak ere ezingo ditu delegatu eta berak egin beharko ditu. Baina egoera horretaz konturatzeko balio badio, horretaz pentsatzen badu, hori garrantzitsua da guretzat", azaldu du. Izan ere, "gaur egun ez zaio baliorik ematen ordaindu gabeko lanari", eta argi dago hori ehuneko handi batean emakumeen gain dagoela. "Emakume batek gustura zain ditzake bere seme-alabak edo familikoak, noski baietz, baina berdin-berdin ari da lan bat egiten, aitortua ez dena". Horregatik, garrantzitsua da gaiaz hausnartzea, eztabaidatzea, eta egun horretan antolatzeko arazoak topatzea, adibidez. Gainera, "kaosa eragitea ere bada egun horretako helburuetako bat". Hau da, gizarteak ikustea zer gertatzen den egun batez emakumeek planto egiten badute. Izan ere, "martxoaren 8a garrantzitsua da, baina martxoaren 9tik aurrerako egun guztiak, garrantzitsuagoak" gauzak aldatzen has daitezen.

Gizonen tokia

"Martxoaren 8an emakumea izango da protagonista". Horregatik, lanuzteak emakumeek soilik egingo dituzte, eta goizeko mobilizazioak ere emakumeentzat izango dira. Arratsaldean, berriz, gizonezkoek parte hartu ahal izango dute, "betiere protagonismoa emakumeei utzita". Egun horretan emakumeen protestak gehiago babestu nahi badituzte, zaintza lanetan parte hartu dezakete, adibidez. Izan ere, Urola Kosta eskualdean hainbat protesta ekitaldi izango dira egunean zehar. Nola egin bat lanuztearekin? Martxoak 8ko greba feministarekin nola bat egin azalduz proposamen batzuk egin ditu mugimendu feministak. Hona hemen horiek:
  1. Lantokiak eta ikasgelak. Lantokietan eta ikasgeletan lanuzteetara batuz.
  2. Mobilizazioak. Herri eta hirietako mobilizazioetara joanez. Urola Kostan herriz herri eragile feministek mobilizazioak antolatu dituzte. Hiriburuetan, berriz, bi hitzordu nagusi deitu dituzte: 12:00etan eta 20:00etan.
  3. Amantala (edota beste edozein tresna). Balkoitik esegi zaintza lanak azaleratzeko amantala edota bestelako tresnaren bat.
  4. Besoko morea. Edonon zaudela besoko morea jantzita izatea. "Zuk zeuk egin ezazu!", eskatu dute mugimendu feministatik.
  5. Zaintzeari utzi. Zaintzeko lana beste emakumeen esku utzi gabe, zaintzeari utziz, "besteek egin dezatela".
  6. Greba zabaldu. Eskualdean grebaren antolaketan parte hartuz eta greba zabalduz: "Mobilizazioetan zure eremuko aldarrikapenekin blokea antolatu dezakezu".
  7. Merkatuan kontsumitzeari utziz. Egun horretan kontsumitzeari utzi, "batez ere langileen esplotazioaren ikur diren enpresa handietan, objektutzat hartzen gaituztenak".
HERRIZ HERRIKO EGITARAUAK: AIZARNAZABAL Martxoak 8, osteguna. Balkoietan amantalak zintzilikatzea proposatu dute. - 12:00. Elkarretaratzea, udaletxe aurrean. - 20:00. Elkarretaratzea, udaletxe aurrean. - 21:00. Sufragistas filma. Gaztetxeko zineklubean. Martxoak 10, larunbata. - 12:00. Aizarnazabalgo Lilatoia. - Ondoren, babarrun jana, Mikel Elkartean. Parte hartu nahi duzuenok liburutegian eman dezakete izena (943-14 72 38) eta 634 95 40 86. Martxoaren 8rako eman behar da izena. Prezioa 15 euro. AZPEITIA Martxoak 8, osteguna. - 12:00. Mosaikoa, plazan. - Ondoren, luntxa. - 17:00. Hitzaldia: Transexualitatea. Hizlaria: Xabier Pajuelo. Emakumeen Txokoan. - 18:30. Elkarretaratzea, plazan. - 19:00. Autobusak irtengo du Donostiara. Martxoak 9, ostirala. - 18:00. Hitzaldia: Gizonak eta feminismoa. Hizlaria: Jokin Azpiazu. Gaztetxean. - 20:30. Jantoki begetarianoa, Gaztetxean. - Ondoren, Olor taldearen kontzertua Gaztetxean. AZKOITIA Martxoak 8, osteguna. - 18:30. Elkarretaratzea, plazan. - 19:00. Pintxo-pote morea, plazatik irtenda. - 21:00. Pikoteo-afaria, Koxka tabernan. Izena martxoaren 4rako eman behar da Koxkan edo Zakelan. ERREZIL Martxoak 8, osteguna. - 12:30. Elkarretaratzea, udaletxe azpian. - Errezilgo eskolan irakurketa, dantza eta kantua uztartuta. Martxoak 10, larunbata. - 19:30. Mirari Martiarenaren Mirarikeriak bakarrizketa, Borondegin. ORIO Martxoak 7, asteazkena. - 18:30. Hitzaldia: Emakumeak eta itsasoa. Arrantzale komunitateak genero ikuspegitik. Hizlaria: Patricia Martinez. Hitzaldia gaztelaniaz izango da, Salatxo aretoan. Martxoak 8, osteguna. - 19:00. Elkarretaratzea, herriko plazan. - Ondoren, emakumeen afaria, Balea elkartean. Izena martxoaren 6a baino lehen eman behar da. ZARAUTZ Martxoak 3, larunbata. - 20:00. Kontzertua: Les Filles de Illighadad. Putzuzulo gaztetxean. Martxoak 8, osteguna. - 10:00etan hasita, gunearen prestaketa, Foruen plazan. - 12:00. Emakumeon* Planto katea. - 16:00. Kafe tertulia: zaintza erdigunera. - 19:30. Manifestazioa batukadarekin. Martxoak 9, ostirala. - 22:00. Kontzertua: The Baboon Show eta Disasters Jacks. Putzuzulo gaztetxean. ZESTOA Martxoak 8, osteguna. - 12:30- 13:30. Lanuztea eta elkarretaratzea, plazan. - 19:30. Ekitaldia: trikitilariak, bideo proiekzioa, irakurketa, argazkia... - 21:00. Emakumeen afaria, Gurutze jubilatuen tabernan. Afaria 15 euro da. Izena martxoaren 6rako eman behar da tabernan bertan. ZUMAIA Martxoak 3, larunbata. - 11:00. Kaleak eta gauak gureak dira! ekimena. Martxoak 4, igandea. - 11:00. Lan esklabuarekin amaitu! eskualde mailako ekimena eta solasaldi irekia, Martxoak 8 plazan. Martxoak 8, osteguna. - 11:00. Ikasleen tailerra, Beheko plazan. - 11:00. Material prestaketa. - 12:00. Elkarretaratzea Zubi Txikian; jarraian, kaleak astintzera. - 14:30. Bazkaria, Torreberri gaztetxean. Bazkalostean, mikrofono irekiak. - 17:30. Tribial feminista. - 19:30. Mobilizazioa, Martxoak 8 plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide