Zarauzko Edukiontziak elurtuta (Aritz Mutiozabal).
Elurtea dela eta, gaur (otsailak 28) hondakinak biltzeko zerbitzuak bertan behera geratu direla jakinarazi du Urola Kostako Udal Elkarteak. Beraz, ez dute kaleko edukiontzien eta establezimendu nahiz enpresen puntuz puntuko bilketarik egingo. Errepideak garbitzen joan ahala, hondakinak biltzeko zerbitzuak ere martxan jartzen espero dute.
Hori dela eta, egoera honen aurrean, herritarrei eskatu diete ahal dela gaur hondakinik ez ateratzeko edukiontzietara. Bestalde, Zarauzko garbigunea zabalik dago une honetan, baina Aiako eta Zumaiako garbiguneak itxita. Errepideen egoerak onera egin ahala zabalduko dituztela ohartarazi dute.