Algorri puntako lanak. (Hitza)
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumaiako Udalak datozen hilabetetan San Telmo eta Algorriko ibilbidea hobetzeko egingo dituzten lanen berri eman zuten pasa den ostegunean, herritarrei informazioa helarazteko egindako bilera irekian.
2009an izendatu zen Zumaia eta Deba lotzen dituen itsasertza biotopo babestu, eta ordutik bisitak asko gehitu dira. Hain zuzen, San Telmo elizatik Algorriko muturrera bitarteko bidea da erabiliena, eta, ondorioz, erosio gehien antzematen den lekua. "Masifikaziora ere heldu gara puntualki eta egun batzuetan, eta guk erabilera horren ondorioetan dugu interesa, hau da, higadura prozesuak, narriadurak, lurzoruaren okupazio gero eta zabalagoak eta naturaren galerak", nabarmendu zuen lanen inguruko bileran Jon Zulaika Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak.
Lanak egin asmo dituzten eremua aztertu ondoren, hainbat arazo aurkitu ditu aldundiak. Besteak beste, bisitari kopuruaren igoerak (100.000 pertsona inguru pasatu direla zenbatu dute) bidean kalteak eragin ditu. "Ibilbideak ez du azpiegiturarik hori guztia jasateko. Horrek bidexka berriak sortu ditu, higadura arazoak, segurtasun falta, eta zabor pilaketa", gaineratu zuen Zulaikak.
"Intentsitate baxua"
Bi erakundeen helburuak dira: bidexka berriak itxi eta landaredi potentziala berreskuratzea, kalitatezko esperientzia eskaintzea eta bisitarien segurtasuna bermatzea. Hori guztia "ahalik eta esku hartze txikienarekin egin nahi dugu. Hau da, egokitzapen lanak intentsitate baxukoak izango dira, eta gehienez, eskuzko tresneriarekin egingo dira", nabarmendu zuen.
Hala, aktuazio puntu garrantzitsuenetarikoa San Telmo ermitako jaitsiera izango da. Hain zuzen, jaisten hasi orduko hainbat bidexka aurkitzen dira, eta aldundiaren helburua da bide bakarra lehenestea, gainerakoak itxiz. Gainera, bertan dauden koska handiak saihesteko harria pikatu eta eskailera naturalak egingo dituzte.
Lan horiez gain, Algorriraino jarraitzen duen bidean, bide zidorretako lohi guneak garbitu, jaitsierako jauziak mailakatu, bidea zabaldu eta ibilaldia zakartzen duten harriak leunduko dira.
K/T mugan plataforma
Algorri puntan interbentzio gogorragoa egingo dela aipatu zuen Zulaikak. Alde batetik, goiko bidean sortu diren bidexkak kendu egingo dira, eta segurtasuna bermatzeko hesolak jarriko dira ibilbide guztian zehar bezala. Beste aldetik, egitura trinko gisa ipiniko den elementu bakarra K/T mugako behatokian izango da. Horrela, egurrezko plataforma bat jarriko da.
Amaitzeko, noranzko bakarreko ibilbidea sustatu nahi da. Horrela, bisitariak San Telmotik Algorriko muturrera goitik joatera bideratuko dira, eta itzulera, aldiz, Ardantzabidetik egitea hobetsiko da.
Horretaz gain, ibilbideko hainbat puntutan informazio eta sentsibilizazio panelak jarriko dira, baita zaborrontziak eta komun publikoren bat ere.
Herritarrek proiektuaren inguruan ekarpenak egiteko aukera izango dute udaletxean, eta horretarako hamabost eguneko epea jarri dute.