Zumaiako Oikiako eskolaren eraikin berriaren proiektua idatzita eta onartuta dago dagoeneko. Orain, hori aurrera eramateko eskaerak aurkezteko epea zabaldu dute. Eskaintzaren aurrekontua 1.728.541 eurokoa da. Horretan interesa duten enpresek apirilaren 3a arteko epea izango dute proposamenak aurkezteko. Behin proposamen guztiak jasotakoan, horiek guztiak aztertu eta aukeratutakoari emango zaio eraikitze lana.
Oikiako eskolaren eraikin berria solairu bakarrekoa izango da eta 733 metro koadroko azalera izango du. Bost gela izango ditu: 2 urteko ikasleena, erabilera anitzekoa, talde txikientzako gela eta beste bi gela arrunt. Horiez gainera, liburutegia eta jangela izango ditu eta 112 metro koadroko aterpea.
"Aurrerapauso garrantzitsua"
Zumaiako Udalak Oikiako eskola berria eraikitzeko lanen eskaintza atera izana "aurrerapauso garrantzitsutzat" jo du: "Albiste ezin hobea da Oikiarentzat eta oikiarrentzat. Bertako haur eta irakasleen beharrak asebeteko ditu eta gaur egun azpiegiturak hobetuko, eskola txikiari bultzada emanaz. Horrez gain, auzoak izaera eta autonomia handiagoa lortuko du eta Oikia biziberritzen lagunduko du".