Otsailaren 3an Zumaia eta Getaria arteko N-634 errepidean, Santiago hondartzaren aldameneko tunel ondoan, lur jausia izan zen. Ordutik, Zumaia eta Getaria arteko errepidea itxita dago, eta, gutxienez, hilabetez itxita egongo zela aurreratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horma egonkortzeko lanean hasita daude. Joan den asteartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak lanen berri eman zuen, eta egonkortzeko lanak egiteko hiru hilabete beharko direla azaldu zuten. Obrek 538.749 euroko aurrekontua dute.
Obrek bi fase izango dituzte; aurrenekoa bukatutakoan Zumaia eta Getaria arteko N-634 errepidearen bide bat zabalduko dute, eta trafikoa semaforo bidez erregulatuko da.