Oskarbi: euskal kantugintzari aberastasuna eta balio erantsia emanaz

Urola Kostako Hitza 2018ko ots. 22a, 10:17

1966an sortu zuten Oskarbi musika taldeak kontzertu berezia eskainiko du bihar Aita Mari aretoan, 22:00etan .Besteak beste, Joxan Artzeri omenaldia egingo diote

Oskarbi musika taldeko partaideak. (Unai Huizi) Laugarren aldiz emango du kontzertua Oskarbi musika taldeak Zumaian. Bihar izango da, 22:00etan, Aita Mari aretoan. "Beharbada gehiagotan izan gara, baina nik ditudan erreferentzien eta datuen arabera, gutxienez hirutan egon gara", azaldu du Jose Luis Treku Oskarbi taldeko ahotsak. Lehen aldiz 1968ko ekainaren 9an izan ziren Zumaian. Herriko gazteriak antolatutako Zumaiako Lehen Aste Kulturala ospatu zen, eta hainbat talderekin batera jo zuten. Ordutik, gutxienez, beste bitan izan dira: 1969ko abuztuaren 22an eta 1973ko abenduaren 30ean. "Ilusioa badugu Zumaiara itzultzeko, jakina", aitortu du Trekuk. Biharko kontzertuak hiru zati nagusi izango dituela aurreratu du musika taldeko kideak: Joxan Artzeri omenaldia, Oskarbiren betiko kantuen emanaldia eta Mendira naiz diskoko kantuen aurkezpena. "Lehen zatian Artzeri omenaldia egiteko asmoa dugu. Horretarako, bere poesiarekin egindako bost pieza kantatuko ditugu, eta txalaparta saioak izango dira. Kontzertuaren zati hori guztia bereziki Zumaiarako prestatu dugu, eta tarte horretan, Lara eta Gema txalapartariak izango ditugu gonbidatu bereziak". Kontzertuaren bigarren zatia Oskarbiren betiko kantuek osatuko dute. Hirugarren, eta azken zatian, berriz, Oskarbik bere 11. diskoan — Mendira naiz izenekoa— jasotako hainbat kantu eskainiko dituzte. Sorkuntza berria Sorreratik Oskarbin jarraitzen dutenak hiru dira: Jose Luis Treku, Maite Aizkorreta eta Iñaki Maritxalar. 1976-77 urte inguruetan taldera beste lau kide gehitu ziren, eta azken urteetan hiru gazte hasi dira. "Beteranoak, tartekoak eta gazteak gaude, eta horrek bizitza ematen digu. Ni behintzat oso gustura nago jende berriarekin", adierazi du Trekuk. Egun, Oskarbi bezalako talderik ez dagoela dio Trekuk: "Sorkuntza berezia daukagu. Guk egiten ditugun konposizioak inprobisazioaren bidezkoak dira. Lan egiteko modu ezberdina daukagu, eta sormena entseguetan lantzen dugu". Sorreratik, Oskarbi taldearen helburua izan da herri kantuak jasotzea, egokitzea eta kantatzea. Horretaz gain, poesia eta musika berriekin kantuak sortzea ere beraien lanketaren parte izan da. Hain zuzen, azken diskoak ere ezaugarri horiek ditu. "Mendira naiz lanean, Oteizaren eta Gandiagaren letrak ere sartu ditugu. Oteizaren eragina hasieratik izan dugu, harreman berezia izan genuen berarekin", azaldu du Oskarbikoak. Frankismo garai bete-betean jaio zen taldea, eta orduko egoerak eta gaurkoak zerikusirik ez du Trekuren arabera: "Garai hartan kantaldi guztietan zentsura zegoen, eta orain, ez dago horrelakorik. Egun talde asko dago, baina euskal kantagintzan oraindik guretzako tartea badago. Oso kantutegi ezberdina daukagu. Guk herri kanta landu eta aberastu egiten dugu, eta hori gutxik egiten dute une honetan". Ez dok hamahiru taldean ere egin zituzten lehen urratsak. "Garai hartatik, bi gelditzen gara: Benito Lertxundi eta gu. Horrek badu bere garrantzia".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide