Eskualdeko Gaztetxe eta Gazte Asanbladek bat egin dute Gipuzkoako topaketekin

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 19a

Martxoaren 16an, 17an eta 18an egingo dituzte Gipuzkoako Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak Beasainen. Bertan, gaztetxeen funtzionamenduaz nahiz antolakuntzaz hausnartuko dute, baita Euskal Herriko zein atzerriko proiektu ezberdinez ere. Besteak beste, kontrakulturaz, generoaz, etxebizitzaz eta komunikazioaz ariko dira.

Beasaingo gaztetxean aurkeztu zituzten topaketak. Bertan izan ziren eskualdeko gazteak ere. (GTX) Gipuzkoako Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketetara batu dira eskualdeko zenbait Gaztetxe eta Gazte Asanblada. Martxoaren 16an, 17an eta 18an egingo dituzte gazteen arteko jardunaldiak Beasainen, eta hitzordura bertaratzeko deia egin dute Gipuzkoako hainbat gazte asanbladetako kideek. Antolatzaileek –tartean Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako Gaztetxeek– joan den zapatuan azaldu zituzten jardunaldien inguruko xehetasunak Beasainen. Jardunaldien antolatzaileek azaldu zutenez, Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketen ondotik erabaki zuten Gipuzkoako jardunaldiak antolatzea, "harremanak egiteko espazio bat sortzeko". Hilabetetan zehar antolaketa lanetan aritu ostean, Beasainen jarri dute Gipuzkoako gaztetxe eta gazte asanbladetako kideak elkartzeko hitzordua. Antolatzaileek aurreratu dutenez, gaztetxeen funtzionamenduaz eta antolakuntzaz arituko dira egun horietan. Era berean, atzerriko eta Euskal Herriko egitasmo eta proiektu ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute Topaketetara bertaratzen diren gazteek. Aldarrikapenerako tartea ere izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Errepresioaren aurkako manifezioa egingo dute jardunaldien barruan, Gaztetxeetako kideak aske, ogi gogorrari hagin zorrotza lelopean. Gazteek "elkar ezagutu eta anitzak diren errealitateak konpartitzeko aukera" sortu nahi dute jardunaldiekin. Izan ere, Gipuzkoako topaketen antolatzaileen aburuz, "herri nahiz auzoetan erritmo ezberdinak eta hamaika errealitate" daude, eta hori "elkar elikatzeko aukera bikaina” dela uste dute. Martxoaren 16rako, 17rako eta 18rako antolatu duten egitarauaren barruan, kontrakulturaz, generoaz, etxebizitzaz eta komunikazioaz aritzeko ekintza ezberdinak prestatu dituzte, besteak beste. Aurkezpenak, datozen egunetan Datozen asteetan aurkezpenak egingo dituzte Gipuzkoako herri eta auzoetan, "topaketen inguruko informazio zehatza" emateko. Herritarren proposamenak jaso nahi dituzte antolatzaileek, eta horretarako ere baliatuko dituzte herriz herriko aurkezpenak. Oraindik ez dute zehaztu noiz egingo dituzten  Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketen berri emateko batzarrak eskualdeko herrietan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide