Ainhoa Alberdi aktorea. (Izaskun Urbieta)
Oxido antzezlana pasa den astean estreinatu zuen Gasteizen Pez Limbo konpainiak. Hiru mikroantzerkiz osatutako laneko aktoreetako bat da Ainhoa Alberdi (Zarautz, 1969). Lan hori Zumaian oholtzaratuko dute bihar, euskaraz eta gaztelaniaz.
Zergatik erabaki zenuen Oxido proiektuan parte hartzea?
Pez Limbo konpainiak kodigo zehatz baten inguruan egiten du lan, hau da, umore garratzetik lantzen dituzte gizarteko gaiak. Azken finean, muturrera eramaten dituzte gai horiek, batzuetan absurdoa pasatuz eta beti umoretik. Nik atsegin dut molde hori.
Oxido antzezlanak bi bertsio ditu, gaztelaniaz eta euskaraz.
Hiru mikroantzerkiz osatuta dago obra, eta horiek egiteko, sorkuntza kolektiboa egin genuen, mahai baten bueltan ideiak ateraz. Sorkuntza hori gaztelaniaz izan zen, ordea. Ondoren itzuli dugu euskarara Aitor Perez aktoreak eta biok.
Nolakoa izan da sortze prozesua?
Niretzako zerbait berria izan da. Izan ere, nik antzerkia gorputzetik sortzen dut, eta ez hainbeste hitzetik. Iazko uztailean eta abuztuan astean behin elkartzen ginen Gasteizen, eta ederra izan zen lanketa. Identifikatuta genituen zer gai landu, eta, ondoren, gustatzen zitzaigun ildotik sortu genuen gidoia. Hiru piezak Raul Caminok idatzi ditu eta obrako zuzendaria ere bera da. Niretzat luxu bat da lana idatzi duenak zuzentzea.
Irailean hasi zineten entseguekin. Astebeteko egonaldia ere egin zenuten Luhuson (Lapurdi).
Irailetik astean hirutan elkartzen ginen, eta azaroa hasieran astebeteko egonaldia egin genuen Luhuson. Ederra izan zen: goiza eta arratsaldea antzerkirako. Lan asko egin genuen, eta euskarazko bertsioa itxi genuen bertan. Konpainiako bi aktore Valladolidekoak (Espainia) dira, eta nahiz eta euskaltegira joaten diren, euskarazko bertsioaren zuzendaritza lan handia egin genuen Aitorrek eta biok. Obraren hiru piezetatik bat bi pertsona horiek egiten dute, bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere.
Zenbat aktorek egiten duzue lan obran?
Hiru pieza antzezteko bost aktore gaude, eta pieza bakoitzean bi agertzen gara. Bi pieza aktore berekin osatuta daude euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan, baina azken pieza, euskaraz Aitorrekin egiten dut, eta gaztelaniaz Edu Hernandorekin.
Obraren pieza bakoitzak izenburu bat du, nola dira?
Madame B,
Homo amabilis eta
Margarita Molotov. Nik azken bietan egiten dut lana.
Antzerkiaren formatua ez da ohikoa.
Mikroantzerkia izanda, pieza bakoitzak 20 minutuko iraupena dauka. Gehienez, 80 ikusle joan daitezke, eta hasieratik bi taldetan banatzen ditugu. Era horretan,
Madame B eta
Homo amabilis taldeka ikusten dituzte, eta
Margarita Molotov, azkena, guztiek elkarrekin. Era horretan egiteko, antzoki bakoitzaren ezaugarrietara egokitu behar gara. Zumaiako kasuan, Alondegiko hiru espazio hartuko dira. Lehen biak goiko solairuetan antzeztuko dira, eta, azkena, Oxford aretoan.
Oxido da ikuskizunaren izenburua. Zer esanahi du?
Gizarte gaiak lantzen dira, eta kasu honetan, izenburuak esaten duen moduan, pertsonaien herdoildutako alde emozionalean jarriko da puntua. Pertsonaia bereziak dira, eta istorioak ere modu berezian daude kontatuta.
Hiru istorioak elkartuta daude?
Ez dute osotasun bat osatzen. Zentzu horretan, ez dago loturarik bataren eta bestearen artean, gaiak tratatzeko modua bera da komunean dutena; hau da, absurdoa, umore garratza.
Zeintzuk dira jorratzen diren gaiak?
Ez dut argitu nahi, sorpresa da. Baina lehen esan dudan moduan, pertsonaiek emozioen aldetik zerbaiten herdoila dute. Normalean, denok dugu herdoilen bat. Gabezia izan daiteke, zerbait ez aurrera eta ez atzera geldituta dagoena, onarpenaren gaia, maitasuna eta horrekin lotuta bakardadea... Gai oso humanoak eta unibertsalak dira. Gasteizen lau emanaldi egin genituen pasa den astean, bi euskaraz eta beste bi gaztelaniaz, eta harrera ona izan genuen. Ikus-entzuleek barre asko egin zuten; azkenean, ikuskizunak dituen gaietan islatuta ikusten direlako.
Helburua, beraz, norbere buruaz barre egitea da?
Ez dugu helburu zehatzik jarri. Baina antzerkia egiten duzunean, beti bilatzen da zerbait kontatzea, hau da, denok dugu zerbait esateko. Kasu honetan, dramatikoak izan daitezkeen gaiak, umorera eta absurdora eraman dira. Baina gure buruaz barre egitea osasuntsua dela egia da. Niri hala iruditzen zait.
Umoreak lagundu egiten du gai pisutsu horiek hobeto liseritzen?
Guk ez dugu helburu terapeutikorik. Baina konpainia honek badu umore garratz horretara bidaiatzeko joera, eta azkenean, gure buruaz barre egiteko nahia. Nire ustez, antzerkiak printzipioz ez dauka helburu terapeutiko hori. Baina, era berean, antzerkiak probokazio puntua izan behar du: astintzailea edo zirikatzailea. Ez du ikuslea indiferente utzi behar, eta obra honek badu osagai hori. Hala ere, pertsonalki, ondorio moralistak edo zer egin behar duzun esaten dizuten antzerkiak ere ez zaizkit gustatzen.
Ikuslea gertu izango duzue. Zer sentsazio da hori aktorearentzat?
Egia esan, mikroantzerkian oso ohikoa da ikuslea gertu izatea. Horrek bi ikuspuntu sortzen ditu. Alde batetik, ikuslearena dago. Gure kasuan, eta batez ere azken piezan,
Margarita Molotoven, ikuslea aktorearen espazioan sartzen da, fokoak bere inguruan daude, pertsonaiak begiratu egiten dio... Ikusleak emozioak erakusten ditu, eta nolabait, antzezle bihurtzen da. Beste aldetik, hurbiltasunak ekartzen du antzezlea bere biluztasun osoan ikustea. Ez dago tranparik. Eszenografia ere oso sinplea daukagu. Hala ere, aipatu behar dut ikuslea obraren parte dela. Aktiboki ez du ezer egingo, baina pertsonaia bat gehiago da.
'Dolor ex KontzientziaEkin' igandean, Zarautzen
Ainhoa Alberdik eta Eneko Balerdik
Dolor ex KontzientziaEkin lana antzeztuko dute igandean, 18:30ean, Zarauzko Sanz Enean,
Begirada kontzienteak erakusketaren barruan. Calcuta Ondoan elkarteak eta Zarauzko Solidaritate Koordinadorak antolatu dute.