'Suddenly III' lana estreinatuko du Jaiotz Osak larunbatean Donostian

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko otsailaren 14a

Iazko martxoan 'Suddenly' bakarkako lehendabiziko proiektua aurkeztu zuen dantzari zumaiarrak. Orduan hasitakoa bukatu nahi du estreinatuko duen lan berriarekin.

Proiektuan buru-belarri ari zela Osa + Mujika lan taldea osatu du Xabier Mujikarekin. (Marilo Minguez) Jaiotz Osak iazko martxoan hasi zuen Suddenly proiektua hirugarren fasera iritsi da. Hala, zumaiar dantzariak Donostiako Gazteszenan aurkeztuko du proiektuaren azken emaitza larunbatean, 20:00etan. Lan berrian Xabier Mujikaren laguntza izan du eszenografian eta jantzi kontuetan. "Suddenly nik bakarrik hasi nuen proiektua izan zen, baina hasieratik izan nuen Mujikaren laguntza, eta horrela, Osa + Mujika kontzeptua jaio zen", azaldu du Osak. Aurten, proiektua garatzeko eta biribiltzeko prozesuan murgilduta egon da, eta hain zuzen, Osa + Mujika taldeak zeresana izan du lanketa horretan. "Hasieran, Suddenly proiektua espazio ez komertzialetan aurkezteko sortu zen. Baina eszenatokirako luzatzen hasi ginenean, 20 minutuko lehen bertsio bat egin genuen, hau da, Suddenly II. Esan daiteke lan hori, trantsizio edo ibilbide moduko bat izan dela, azkenean, Suddenly IIIra iristeko. Guztiaren bukaera izango da larunbatean estreinatuko dugun lana", adierazi du. Baina, proiektu berriaren filosofia aurrenekoaren bera da. "Arriskuak eta bertigoak hor jarraitzen dute, baina lehenengo pieza hartan, inpultsuei kasu egitean, ondorio positiboak antzematen ziren. Orain, ordea, ondorio ezberdinak ikusiko dira, eta ez hain baketsuak edo positiboak", nabarmendu du dantzariak. Hain zuzen, eszenografian arreta berezia jarri dute argiztapen aldetik, eta baita jantzi eta atrezzoko elementuen aldetik ere. "Mujikaren ikuspuntua nabarmentzen da lan honetan; izan ere, sorkuntza ez da soilik mugimendu batetik hasten, beste elementu batzuk ere garrantzia handia dute. Bion esentziaren fusioa ikusten da pieza honetan", azaldu du Osak. Kolore arrosaren indarra Suddenly obran kolore arrosak berebiziko garrantzia zuen ikuskizunaren garapenean. Lan berrian arrosak hor jarraituko du, baina dena ez da izango kolore horretakoa. "Suddenlyn argitasuna eta kolore arrosa polit hori ikusten zen bezala, orain momentu batzuk ilunagoak daude. Aurreneko obra hartan ikuslea gonbidatzen genuen bihozkada horiei kasu egitera, salto egitera. Orain planteatzen duguna da, agian, salto eginez gero, beste ondorio batzuk ekarriko dituela, eta ez dela dena hain polita izango". Lehen proiektu hartan kaktusa eta alfonbra arrosa obrako elementu azpimarragarriak ziren. "Hor jarraitzen dute, gauza gehiago gertatzen dira beraien inguruan, eta beste elementu batzuk ere agertzen dira. Momentuz ezin dut gehiago kontatu", esan du irribarrez. Osak bakarlari gisa hasi zuen lehen lanaren amaiera izango da pieza hau, eta gogotsu da estreinaldirako: "Egoera natural batean iritsi naiz azken pieza honetara. Sorkuntza erraza izan da, poliki-poliki egin baitut, denbora hartuz. Hala ere badut gogoa istorioari amaiera emateko". Larunbatean estreinatuko duen pieza 50 minutuko ikuskizuna izango da, eta Donostiako Gazteszenan aurkeztuko dute, lehenengoarekin egin zuen bezala. Erresidentzia teknikoak lantzeko aukera ematen dute, eta egonaldi artistikoak ere bertan gauzatzen dituzte: "Etxean egotea bezala da, eta guretzat plazer bat da bertan estreinatzea". Estreinaldiaren bezperetan lanez gainezka dabil dantzari zumaiarra: martxoaren 5ean hasiko den Donostiako DFerian Microclimate  izeneko emanaldia egingo du Lasala konpainiarekin. Irailean, berriz, konpainia berarekin beste lan bat estreinatuko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide