Zumaia da Emeek emana erakusketa hartuko duen hamargarren herria. (Izaskun Urbieta)
Intxorta 1937 Kultur Elkartea 2005ean sortu zuten Eibar, Arrasate, Bergara, Elgeta, Oñati eta Aretxabaletan memoria historikoa lantzen ari ziren taldeek. Aurretik, 1986an, Arrasateko zeinbat pertsona kolpista frankisten aurrean erresistentzia jarri zuten pertsonen memoriaren berreskurapenaren alde hasi ziren lanean. Ordutik, asko dira Intxorta elkarteak egin dituen liburu, ikus-entzunezko, hitzaldi, erakusketa eta omenaldiak. Azkena, Emeek emana izeneko erakusketa ibiltaria da. Hain zuzen, Zumaia erakusketa hori hartzen duen hamargarren herria izango da. Gaur zabalduko dute Alondegiko Oxford aretoan, eta otsailaren 23ra arte egongo da ikusgai.
Historiako orrietan isilaraziak izan diren ahotsak entzunarazi nahi dira Emeek emana erakusketan. Hau da, emakumeen memoria kolektiboa berreskuratu eta zabaldu nahi dute. "Memoria historikoa lantzen hasi ginenean, hasieran dena zen guda, borroka, trintxerak eta fusilatuak. Baina konturatu ginen bi mundu paralelo zeudela, eta horietako bat emakumeena zela", azaldu du Julia Monge Intxorta elkarteko kideak. Erakusketa honen aitzindaritzat 2012an Arrasaten egin zuten 1936 emakumeak, gerra eta errepresioa dokumentala dago, baita ere 2016an errepresioa jasan zuten 40 emakumek Elgetan jaso zuten omenaldia.
Lore Albizuren testigantza
Begirada kritikoa eta hausnarketa bultzatu nahi duen erakusketan 63 argazki jasota daude. Era berean, bakoitzaren oinean, erretratuko emakumearen biografia motz bat azaltzen da. "Argazkiak Mauro Saravia argazkilari txiletarrak atera ditu, baina horietatik 11 ez dira emakumeen erretratoak. Kontua da, testigantzak jasotzen hasi ginenean batzuk hilda zeudela, baina guretzat inportantea zen haien berri ematea, testuingurua ulertzeko. Beraz, emakume haiek irudikatzen dituen paisaiak edo elementuak daude aurpegien ordez", azaldu du Intxortako kideak.
Erakusketa bisitatzen duenak, argazkiak ikusteaz gain, katalogo bat izango du eskuragarri. "Helburua katalogoa etxera eramatea da, bisitariak lasaiago gaian sakondu dezan". Horiez gainera, ikus-entzunezko labur batzuk ere emango dituzte, protagonisten elkarrizketako pasarteekin.
Emakume anitzak, joera politiko desberdinetakoak, hainbat eremutan ibilitakoak eta Euskal Herriko zenbait tokitan jaiotakoak osatzen dute erakusketa. «Frankismoaren garaian, emakumeak ez ziren bakarrik biktimak izan, baita ere erresistenteak, borrokalariak eta sortzaileak. Dena berria zen, eta estrategiak sortu zituzten aurrera egiteko», nabarmendu du. Hori dela eta, 63 protagonistak hainbat eremutan sailkatu dituzte: gerrako frontean egon zirenak, bonbardaketaren lekukoak, emakume fusilatuen alabak, erbesteratuak eta herritik kanporatuak, besteak beste. Azken honetako ahotsa Lore Albizu zumaiarra izan da.
Beste bi ekitaldi
Emeek emana erakusketarekin lotuta, beste bi ekitaldi prestatu dituzte elkarlanean Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, Erkibe Kultur Elkarteak, Zumaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaur zortzi, otsailaren 15ean, Amagoia Gurrutxaga kazetariak Gerra gauza alua da hitzaldia emango du. Hamabost egun barru, otsailaren 22an, berriz, Paperezko ahotsak dokumentala emango dute.