Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide, langileekin, luizia izandako tokia (GFA).
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusi duenez, martxoaren 9ra arte egongo da itxita Zumaia eta Getaria arteko N-634 errepidea. Hain zuzen ere, denbora tarte hori beharko dute eremua egonkortzeko, eta bitarte horretan bi udalerrien arteko trafikoa etenda jarraituko du. Hala adierazi du Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek.
«Departamentuko teknikariak lur-irristatzea izan den lekuko goiko eremua ikuskatzen aritu dira, eta egiaztatu da arrisku larria eta berehalakoa dagoela errepideko plataformara berriro ere materialak erortzeko. Hori dela eta, errepidea moztuta eduki beharko dugu errei bat trafikoari irekitzeko egonkortze neurriak hartu arte. Erabiltzaileen segurtasunerako hartu dugun neurria da, nahiz eta egoera desorosoa sortu », azaldu du diputatuak.
Berehala hartuko dituzten larrialdi neurriak ondorengoak izango dira: drainatze zanga bat egitea ura mendi-hegalera iristea ekiditeko, ezpondaren gainaldean hormigoizko habea ainguratu bat jartzea, eta harri-lubeta bat eraikitzea mugimendu gehiago gerta daitezen ekiditeko.