Irudietan: Santa eskeak eskualdea hartu du asteburuan

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 5a

Santa Ageda egunaren bezperetan, santa eskean atera dira eskualdean. Joan zen ostiraletik hasita, herritarrek, bertso elkarteek edota ikastetxeek koplaz bete dituzte eskualdeko txokoak. Aizarnazabalen, esaterako, Adiskide bertso elkarteak antolatuta, 25 laguneko taldea irten zen larunbat goizean, eta baserriz baserri joan ziren kantuan, Aitor Mendiluze eta Maialen Belardi bertsolariekin; Azkoitian, berriz, Floreaga ikastetxeko 30 kide inguru eskean aritu ziren goizean, herrian zehar. Azpeitian, azken egunetan herriko talde ugari aritu dira kantuan. Ostiralean, esaterako, Iraurgi ikastetxeko, Apeitiko Ikastola Ikasberriko eta Karmelo Etxegaraiko zein Urola ikastolako ikasleak aritu ziren kopla kantuan, kalean nahiz eskoletan bertan. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak, gurasoak eta irakasleak, beraien aldetik, igande arratsaldean aritu ziren kopla kantuan, Asier Iriondo eta Asier Otamendi bertsolariekin eta trikitilariekin. Matxinbenta auzoan, berriz, Santa Ageda festak izan dituzte asteburuan, eta, usadioari jarraituz, hango talde bat goizean goizetik eskean aritu ziren atzo. Gauerdira bitartean, Azpeitiko auzo ugari igaro zituzten Matxinbentako auzotarrek. Azpeitiko eta Zestoa arteko Lasao auzoako hainbat lagun ere atzo aritu ziren baserriz baserri abesten. Lasaon ez ezik, Zestoako herrigunean ere girotu zituzten hainbat herritarrek txokoak, atzo. Millan Telleria, Gorka Olaizola, Aitor Salegi eta Danel Olano bertsolarien eta trikitilarien laguntzarekin, Ondarbaso eta Akoa auzoak eta zenbait baserri igaro zituzten herritarrek. Errezilen ere ez du hutsik egin ohiturak: atzo, Santa Ageda bezperan, hainbat herritar eskean aritu ziren herrigunean eta inguruetan, Eider Iturralde eta Gorka Tolosa bertsolariekin eta herriko trikitilariekin. San Martin herri eskolako ikasleak, berriz, gaur bertan ibili dira santa eskean. Kostaldean ere girotu dituzte bazterrak kopla eta trikiti doinuekin. Getarian, esaterako, Alamedatik Habanerara bertso eskolako eta Gure Txeruko kideak auzoz auzo ibili ziren larunbatean; Zarautzen ere Motxian bertso eskolako eta Zarautz Abesbatzako kideak aritu ziren makilak eskuetan zituztela koplak abesten. Azken horiek Aitor Urbieta eta Felix Zubia bertsolariak izan zituzten lagun. Orion ere santa eskean atera ziren Orioko Herri Ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide