Gipuzkoako AECCk gogorarazi du doako zerbitzuak eskaintzen dituela Urola Kostan

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 2a

Urola Kostako egoitza Zarautzen daukate, Balea kalea 2.an. Otsailaren 4a Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela azaldu du.

Urolako Kostako AECCren Zarauzko bulegoa. Otsailaren 4a Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta Minbiziaren aurka borrokatzen baduzu, hemen gaituzu lelo hartuta jardungo du Gipuzkoako AECCk. Horri lotuta, elkarte horrek gogorarazi du doako zerbitzuak eskaintzen dituela Urola Kostan. Eskualdeko bulegoa Zarautzen daukate, Balea kalea 2. zenbakian, eta bertan behar duenari zerbitzua doan eskaintzen dio elkarteak honako ordutegian: astelehenetan, 08:00etatik 15:00etara eta 15:30etik 18:15era; asteartetan, 08:00etatik 15:00etara; asteazkenetan, 09:30etik 13:30era; ostegunetan eta ostiraletan, 10:30etik 12:00etara. Bulegoko telefono zenbakia 943-13 32 36 da eta posta elektronikoa urolakosta@aecc.es. Eskualdeko bulegoan arreta soziala eman eta baliabideak eta aholkua eskaintzen dituzte, gaixoaren beharren eta egoeraren lehenengo ebaluazioa egin ostean. Era horretan, eskuratu daitezkeen giza baliabideak eta laguntza publiko desberdinen inguruko informazioa ematen diete elkartera jotzen dutenei. Horrez gain, elkarteak ortopedia materiala ere eskaintzen du, eta psikologia arloan banakako zerbitzua ematen dute, lehen unetik. Gipuzkoako AECCk minbiziaren prebentzio arloa ere lantzen du ekintza desberdinak eginez: sentsibilizazio kanpainak, osasun hezkuntzako programak, tailerrak, hitzaldiak, erretzeari uzteko terapiak... Iaz, elkarte honek Gipuzkoan 10.755 pertsona artatu zituen prebentzio eta laguntza kanpaina desberdinen bidez. Elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak mila pertsona inguruk jaso zituzten: "Elkarteko profesionalek 988 gaixo eta familia artatu zituzten, hain justu". Elkarteak nabarmendu du gainera, 2017an 11.283 bazkide zituela eta 973 boluntario.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide