Iazko Matxinbentako Santa Ageda festetan haur bat itsulapikoa puskatzen. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)
Santa Ageda egunaren bueltan, kopla doinuak izango dira nagusi etzi eskualdeko herri askotan. Azpeitia, Beasain, Ezkio eta Itsaso udalerrietakoa den Matxinbenta auzoan, gainera, santagedak ospatuko dituzte bete-betean, gaur hasi eta astelehena bitartean.
Matxinbentako auzoaren argazkiak antzekotasun gutxi du garai bateko irudiarekin alderatuz gero. Izan ere, gaur egun, herrigunean etxe hutsak gehiago dira, beteak baino. Hiru kale baserritan baino ez da bizi jendea, nahiz eta periferiako baserri ugaritan ere bizi den. Horregatik, Matxinbentako festa batzordeko kideek adierazi dute haien "helburua ez" dela jaietan zerbait berezia» antolatzea, Santa Ageda jaiak «bizirik eustea» baizik.
Hala, haurrak, gazteak zein helduak kontuan izanda, "zapore eta gustu askotariko» ekitaldiak antolatu dituzte lau egunetarako: mus txapelketa, puzgarriak, Xalto pailazoaren emanaldia, bertso afaria, umeentzako jolasak, esku pilota partidak, herri kirolak eta jubilatuentzako hamaiketakoa izango dira, besteak beste.
Santa Ageda eguna astelehena da, baina festetako egun handia igandean dute auzotarrek. Izan ere, usadioa galdu gabe, goizean goiz atera eta gauerdira arte kopla kantuan ibiliko da Matxinbentako taldea. Santa Ageda eguna, berriz, astelehen buruzuria egokitu da aurten, eta jaiei amaiera jubilatuen egunarekin emango diote.
Eusko labeldun saskia
Matxinbentako jaiak antolatzeko Azpeitiko eta Beasaingo udalen diru laguntza jasotzen du batzordeak, baina "aparteko diru iturri gisara", auzoko baserritarrek emandako produktuekin osatutako saskia zozkatzen dute festetako azken egunean. Batzordeko kideen esanetan, dozena bat urte dira egitasmo horrekin hasi zirela, eta diote errifako txartel "asko" saltzen dituztela.
Egitaraua
Gaur, ostirala
22:00. Mus txapelketa, auzoko tabernan. Izena ordu erdi lehenago eman behar da, eta bikoteko 20 euro ordaindu behar dira.
Bihar, zapatua
Arratsalde guztian, puzgarriak.
17:30. Xalto pailazoa, elizan.
Ondoren, txokolatada.
21:00. Bertso afaria, Iker Zubeldia eta Beñat Lizaso bertsolariekin. Afarirako txartelak aurrez hartzea aholkatzen da 943-88 63 15 telefono zenbakira deituta.
Etzi, igandea.
Santa Ageda bezpera
11:00. Meza.
11:30. Ume jolasak.
11:45. Esku pilota partidak.
12:30. Herri kirol jaialdia.
Gauean, santa eskekoen etorrerarekin erromeria.
Otsailak 5, astelehena. Santa Ageda eguna
11:00. Meza.
Gero, hamaiketakoa.
Eskualdeko egitaraua
Aizarnazabal
Bihar, otsailak 3. Adiskide bertso elkarteak antolatuta, herritar talde bat eskean aterako da 09:00etan, eta baserriz baserri joango dira bertso kantuan.
Otsailak 5, astelehena. Basakaitz herri eskolako ikasleak goizean zehar eskean ibiliko dira herrian.
Azkoitia
Etzi, otsailak 4. Floreagako ikasleak 11:00etan elkartuko dira ikastetxean, eta 11:30etik 14:00etara kantuan ariko dira herriko kaleetan.
Azpeitia
Gaur, otsailak 2. Urola ikastetxeko DBH 1. mailako ikasleak bi taldetan banatuta ariko dira kopla kantari goizean zehar: batzuk Alde Zaharrean ibiliko dira, eta besteak Sanjuandegin. Gero, 12:30ean, guztiak anbulatorio aurrean elkartuko dira abesteko.
Etzi, otsailak 4. Matxinbentako taldea eskean aterako da Loiola auzotik, 08:00etan, eta eguna kopla kantuan pasatu ondoren, gauerdian iritsiko dira auzora. Bestalde, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak, gurasoak eta irakasleak Sanagustin aurrean elkartuko dira 19:00etan, eta Asier Iriondo eta Asier Otamendi bertsolariekin eta trikitilariekin eskean ariko dira.
Errezil
Etzi, otsailak 4. Herriko plazan elkartuko da herritar talde bat 09:00etan, eta 14:00ak arte herriko eta inguruko baserriak bisitatuko dituzte, Eider Iturralde eta Gorka Tolosa bertsolariekin eta herriko trikitilariekin.
Otsailak 5, astelehena. Errezilgo San Martin herri eskolako ikasleak santa eskean ibiliko dira herrian, 09:15etik aurrera.
Getaria
Bihar, otsailak 3. Alamedatik Habanerara bertso eskolak antolatuta, herritar talde bat eskean aterako da, 08:00etan plazan elkartuta.
Orio
Etzi, otsailak 4. Ikastolako ikasleak, gurasoak eta irakasleak kalez kale aterako dira kantari 17:45ean, ikastola aurreko plazatik abiatuta. Eguraldi txarra egiten badu, pergolan eta, ondoren, herriko plazan abestuko dute.
Zarautz
Gaur, otsailak 2. Antoniano ikastetxeko ikasleak, irakasleak eta gurasoak kantuan ibiliko dira goizean, herriko kaleetan.
Etzi, otsailak 4. Zarautz abesbatzako bi talde gazteak, Txinpirin eta Zarautz-Txiki, 12:00etatik aurrera kalez kale arituko dira kopla zaharrak abesten. Bestalde, eguerdian, Udaberri korua eta Arrai Zopa taldea ere kantuan ibiliko dira herriko kaleetan. Arratsaldean, berriz, Zarautz Abesbatza, Nahiko Larri trikitilariak eta Felix Zubia eta Aitor Urbieta bertsolariak 19:00etan Musika Plazatik abiatuko dira, eta Alde Zaharretik ibilbidea egingo dute.
Zestoa
Etzi, otsailak 4. Herritar talde bat Gurutzean elkartuko da 09:00etan, eta bi taldetan banatuta baserriz baserri ariko dira kantuan. Millan Telleria, Gorka Olaizola, Aitor Salegi eta Danel Olano bertsolarien eta trikitilarien laguntza izango dute ibilbide horretan. Talde bat Ondarbasora eta Akoara joango da, eta besteak, berriz, Lili jauregitik hasi eta Legoia baserrira arteko bidea egingo du. Azken talde horrek bi egoitzak eta pare bat kale pasatuko ditu. Gero, 13:00ak inguruan, plazan elkartuko dira guztiak, eta hainbat tabernetan eta kaletan kopla kantari arituko dira. Bestalde, Zestoa Herri Eskolako ikasleak, irakasleak eta gurasoak santa eskean ibiliko dira, 09:30ean aterata. Bi taldetan banatuta, batzuk Akoa bailaran ibiliko dira, eta beste batzuk, berriz, Arroa Goia eta Iraeta auzoetan. 13:00etan herrigunean elkartuko dira guztiak eta kalez kale bueltatxo bat eman ondoren, plazan abestuko dute.
Zumaia
Etzi, otsailak 4. Beheko Plaza abesbatza 18:00etan aterako da kalera, eta, besteak beste, Erribera kalean, Ardantza bidean, San Telmo kalean eta Ondartxo Plazan kantatuko dute.