"Eliza baten bila genbiltzan eta San Telmo zen egokiena eta politena"

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko otsailaren 1a

Grabazioko une bat, ermita barruan. (Izaskun Urbieta) Kamerak, argiak, mikrofonoak eta telebista ekoizpen handien bueltan mugitzen diren taldeak berriro Zumaian izan dira aste honetan. Azken bi egunotan, asteartean eta asteazkenean, Espainiako Antena 3 telebista katean ematen duten Alli abajo telesailerako irudiak grabatu dituzte San Telmo baselizan, eta haren inguruko parajeetan. Kameren eta labarren arteko maitasun istorioak osasuntsu jarraitzen du. Orain urte eta erdi inguru Ameriketako Estatu Batuetako HBO erraldoiaren Game of Thrones telesailaren hainbat pasarte grabatu zituzten Itzurun hondartzan. Aurretik, baina, 2013an, Ocho apellidos vascos arrakastatsuaren zenbait eszena ere grabatu zituzten San Telmon, ezkontzakoa barne. Maria Leon eta Gorka Otxoa, San Telmo ermitaren alboko zelaian. (Izaskun Urbieta) Clara Lagoren eta Dani Roviraren filmak izandako arrakastaren aparrean sortutako telesaila da Alli abajo. Han bezala, estereotipoekin jokatzen duen maitasun istorioa kontatzen du, baina, protagonisten sexua aldatuta: emakumezkoa da andaluziarra eta gizonezkoa euskalduna. Bi protagonista nagusiak izan dira Zumaian: Maria Leon eta Jon Plazaola, Carmen eta Iñaki telesailean. Haiekin batera egon dira Oscar Terol, Gorka Aginagalde, Iker Galartza eta Gorka Otxoa aktoreak, besteak bestea. Kontatu nahi duten pasarte baterako eliza bat behar zutelako etorri dira Zumaiara. "Eliza baten bila ibili gara eta izan ditugun aukeren artean, San Telmo aukeratu dugu, grabaziorako egokia delako; baina, baita politena delako ere", adierazi du Miguel Fernandez ekoizpen buruak. Getarian eta Donostian ere grabatzen aritu direla gaineratu du. Hori bai, ez du tramaren xehetasunik eman nahi izan. Telesailaren hirugarren denboraldi amaierarekin lotuta dago euskal kostaldean grabatu eta laugarrenean emango duten pasarte hau. Astelehen arratsaldean izan ziren ermita grabaziorako egokitzen. Eliza barruan egin dituzte grabazioak, baina baita kanpoan ere, labarren edertasuna atzean dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide