2Ongizate proiektuan, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia eta Pedagogia Fakultateko lantalde batek gidatuta.
Zumaiako Herri Eskolaren helburua ikasle guztien garapen integrala da; horregatik, ikasle bakoitzari bere gaitasunak indartzen lagundu nahi diogu, behar bezala egokitu dadin XXI. mendeko gizartera.
Ildo horretan, urtarrilaren 19an elkarlan-akordioa sinatu genuen Zumaiako Arrangoleta eta Eskola Txikia Haurreskolakoekin. Akordio honek 1993-94 ikasturtean sinatutako elkartze-agiria osatu eta Haurreskolekin elkarlanean 0-2 urtekoen eskaintza ere bildu egiten du. Beraz, Zumaiako umeek eta gazteek euskal eskola publiko bateratu batean egingo dute beren eskola-ibilbidea, 0 eta 18 urte artekoa, unibertsitateraino.
2016-17 ikasturtean hasi ziren elkarlanean Arrangoleta eta Eskola Txikia Haurreskolak eta Zumaiako Herri Eskolako Haur Hezkuntzarekin. Hain zuzen ere, ZHEko Haur Hezkuntzako koordinatzaileen esanetan, «iaz, gure lan egiteko erari buruzko hausnarketa-prozesuan konturatu ginen 0-3 urteko ziklo osoa elkartu beharraz. Gure seme-alabek bizitzaren oinarriak lantzen dituzten zikloa izanik, garrantzitsua iruditu zitzaigun Haurreskolekin harremanetan jartzea, eta ildo berean lan egitea».
Haurreskolako koordinatzaileek diotenez, «duela urte batzuk, eskolek beren gain hartu zuten 2 urtekoen gela, eta Zumaian haurreskolak ireki zirenean 0-2 urteko haurren zaintza eskaini zuten. Haurreskolok 0-3 zikloa aldarrikatzen dugu, bai eta ziklo hori doakoa izatea ere. Horregatik da Haurreskolentzat hain garrantzitsua eskolarekin elkarlana izatea, 0-3 zikloan ildo berean lan egiteko eta eskolan Haurreskolaren jarraipena izateko».
Izan ere, 0-3 urteko zikloak behar eta ezaugarri jakin batzuk ditu: egokitzapen-prozesua, atxikimendu-fasea, segurtasun emozionala, mugitzeko beharra, jolas librea, esploratzeko grina, autonomia, familiarekin harreman zuzena... Eta horiek denak bideratzeko, ezinbestekoa da elkarlana.
Bestalde, Lehen eta Bigarren Hezkuntzak urte asko daramagu elkarlanean. Ibilbide horretan, gainera, pauso bat gehiago eman dugu ikasturte honetan: 2Ongizate proiektua, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia eta Pedagogia Fakultateko lantalde baten gidaritzapean. Bertan hartzen dugu parte ikasle, irakasle, langile, guraso, orientatzaile eta Berritzeguneko profesionalek, etorkizuneko eskola izango denaren diseinu berria denon artean egiteko asmoz.
Hitz bitan esanda, Zumaiako Herri Eskola «ekosistema hezitzaile» bizia da, herriarena eta herriarentzat lan egiten duena. Bertan, denok gara beharrezkoak. Denok ikasten dugu elkarrekin eta elkarrengandik. Oraindik asko dugu egiteko, era berean pixkanaka urrats berriak egiten eta sendotzen ari gara, eskola hobetu nahian. Bidean aurrera.