Hitzartu ekimenak herritarren parte hartze prozesu bat abiatuko du

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko urtarrilaren 30a

Hitzarturen helburua da hondakinen gatazkari irtenbidea aurkitzea da, horretarako parte hartze prozesu bat abiatuz. Finantzazio kolektibo bat jarri dute martxan

Hitzartu ekimena ostiralean aurkeztu zuten Zumaian. (Izaskun Urbieta) Hitzartu plataformaren asmoa hondakinen kudeaketa integrala lortzeko herritarren parte hartzea bermatuko duen prozesu bat aurrera eramatea da. Zumaiako Eskubide Sozialen Kartak antolatuta, pasa den ostiralean Hitzartu ekimena aurkeztu zuten Oxforden. Joxe Mari Izeta ekimeneko partaide usurbildarrak azaldu zuen. "Hondakinen gaia erabat politizatuta dago, eta gure nahia gizarte zibilak antolatutako parte hartze prozesua egitea da. Horretarako, informazioa eman eta eztabaida sortu nahi dugu. Izan ere, orain arte, informazio gutxi izan dugu herritarrok. Propaganda bai, baina informazioa gutxi". Parte hartze prozesua 2018 urte bitartean osatu nahi dute. Horretarako, mahai sozial eta mahai tekniko banak herritarren proposamenak bideratuko dituzte urte osoan zehar egingo dituzten tailerretan. Guztira, 72 lantegi egingo dira Gipuzkoa osoan zehar, eta lau esparru landuko dira horietan: gazteria, ekonomia, ingurumena eta osasuna eta demokrazia eredua. "Mahai teknikoa hasita dago bere eginkizunetan, eta parte hartzea amaitzen denean, txostena idatzi eta agintariei erakustea izango da bere lana. Horrez gain, mahai sozial bat ere egongo da, eta honen helburua alderdi sozialekin eztabaida mahaiak osatzea izango da", adierazi zuen Izetak jendaurrean. Berme batzordea Herritarrekin osatuko den parte hartze prozesa ahalik eta gardenena izateko, Berme Batzorde bat osatu dute. Horretarako, gizartean sona handia duten eta askotariko lanbideak dituzten pertsonak hartu dituzte kontuan: Pedro Ibarra (EHUko katedraduna), Ernesto Ganuza (CSICko zientzialaria), Juanjo Alvarez (EHUko zuzenbide katedraduna), Garbiñe Biurrun (Magistratua) eta Bernardo Atxaga (Idazlea), besteak beste. Hitzarturen parte hartze prozesuak hiru oinarri izango ditu: adostasun gehien biltzea, osasuna eta ingurumena babestea eta Europako politikak zorrotzago betetzea. "Azken xedea Gipuzkoako Hondakin Kudeaketarako Plan Integrala 2017-2030 dokumentua idaztea izango da. Izan ere, ingurumen plangintzak, legeak hala diolako, parte hartze prozesu baten bidez egin behar dira. Hau da, herritarrok badugu zer esana gai horietan ere", nabarmendu zuen Izetak. Hurrengo pausoa, martxoan hasiko diren tailerrak antolatzen hastea du Hitzartuk. "Hurrengo hamabost egunetan zehaztuko ditugu zein herritan, zein ordutan eta zein egunetan egingo diren tailerrak. Herrian bertan izango da izena emateko aukera, eta osatuko diren taldeak 30 pertsona ingurukoak izango dira. Lekuan lekuko eragileekin egin nahi dugu lana prozesua aurrera ateratzeko. Izan ere, dinamizatzaileek herrietako boluntarioak beharko dituzte ekimenarekin laguntzeko. Behin dokumentua bukatuta, herritarrengana itzuliko da haien onespena jasotzeko". Parte hartze prozesurako finantzaketa kolektibo bat jarri dute abian. Hamasei egun barru bukatuko da kanpaina hori, eta 80.000 euro lortzea da jarrita duten helburua. "14.000 euro lortu ditugu. Gure nahia herritarrak mugitzea eta piztea da. Azken aldian etsipena ikusi dugu, eta horri buelta eman nahi diogu. Hain zuzen, herritarren ahalduntzean dago potentzialtasun nagusiena. Potentzialtasuna eta ahulezia, biak. Beraz, sinestea besterik ez zaigu gelditzen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide