Darahliren aldeko jaialdia (Peio Romatet).
Desertuan errefuxiatuta bizi den Saharako herriaren alde lan egiten duen Darahli elkartearen aldeko zesta punta jaialdia jokatu zen atzo Aitzuri frontoian. 350 bat lagun hurreratu ziren pilotalekura lehen mailako jokalarien partida ikustera.
Zumaiako Zesta Punta Eskolako ikasleek jokatutako partidaren ondoren, jaialdiko estelarraren txanda izan zen. Iñaki Osa Goikoetxea eta Gotzon Enbil zumaiarrak batetik, eta Mikel Egiguren eta Eric Irastorza bestetik. Lau jokalariak ere maila gorenekoak. Lehen setean 15-11 emaitzarekin irabazi zuten zumaiarrek. Bigarrena, berriz, Egigurenek eta Irastorzak irabazi zuten, 10-15 emaitzarekin. Berdinketa hausteko set laburrean Goikoetxeak eta Enbilek irabazi zuten, 5-4 emaitzarekin.
Bi partiden artean Darahlik egiten duen lanaren berri eman zuten kantxara atera ziren zenbait gazte. Frontoiko korredoreetan elkartearen jardueraren inguruko zenbait panel ere jarri ziren.
Zesta punta utzi duten lau zumaiar ere omendu zituzten atzokoan.
Albiste osoa eta argazkiak: Baleike.eus