Goitik behera, ezker-eskuin: Jokin Aldazabal, Aitzol Barandiaran eta Eñaut Barandiaran; Gabi de la Maza, Vanesa Eguiluz, Zaloa Basabe, Uxue Alberdi eta Iñaki Berastegi; eta Joxe Mari Agirretxe, Mertxe Rodriguez, Aiora Zulaika eta Aitor Manterola (Argazkia: Argia.eus)
Ikus-entzunezko Argia saria egokitu diote Uxue Alberdiri, Aitzol Barandiaranekin batera Euskal Herriko Bertsolari Txalpelketa Nagusiari jarraipena egiteagatik ETBn. Antolatzaileen arabera, "erretransmisio hutsa egitetik harago, iruzkin aberatsak egin dituzte, artista errespetatuz, baina gakoak emanez ikusten eta entzuten ari ginena baloratzeko". Haien hitzetan, "busti" egin dira iruzkinetan, eta "hori eskertzen dute ikusleek".
Prentsa idatzizko Argia saria, berriz,
Harmaila kirol aldizkariarentzat izan da. Proiektu honen partaide da Aitor Manterola zumaiarra, Eñaut Barandiaran, eta Iñaki Berastegi lagun dituela. Zero zenbakia iazko uztailean argitaratu zuten interneten, eta urte amaieran paperean argitaratu zuten lehen zenbakia. "Kirol-prentsa tradizionalaren bizioak albo batera utzi eta kirolari bestelako ikuspegia emateagatik" saritu nahi izan dute egitasmoa.
Sari banaketa ekitaldia gaur arratsaldean egin dute, Usurbilgo Atxega jatetxean bazkaldu ondoren. Urtero bezala, urteko euskarazko komunikazio proiektu onenak saritu ditu Argiak, eta horien artean, aipatutako bi bizilagun hauek aitortu dituzte.